Erraustegiari herri bezala bat eginda erantzuteko deia egin du Usurbilgo alkateak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 27a, 13:20

Pil-pilean dago Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaia, Gipuzkoako Foru Aldundiak errauste-planta proiektua berpiztu eta eraikitzeko asmoa agertu zuenetik. Gai honi loturiko azken albistea, astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkuran izan genuen. EHBilduk erraustegiari buruzko mozioa aurkeztu zuen, udal ordezkariek eztabaidatu eta bozka zezaten. Bi puntu zituen mozioak; batetik, Zubietan eraiki asmo duten erraustegia bertan behera eskatzen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta bigarrenik, alkateari Gipuzkoako gainerako udalei estutitz bana helaraztea, "non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien".

Testuak ez zuen aho bateko babesa izan. Aurkako bozkarik ez zen izan, baina EHBilduren aldeko bozkekin soilik onartu zen testua. PSE eta EAJ udal taldeetako ordezkariek abstenitzea erabaki zuten. Lehenago, adierazpenen tartean, aurretik gai honi buruz eginiko batzordean luze eta zabal hitz egin zutela esatera mugatu zen EAJ. Ildo beretik mintzatu zen PSE ere. Fermin Orue-Echevarriak gainera, lehenbizi erraustegiari buruz iragarria dagoen herri galdeketa egin eta galdeketa horretako emaitzen arabera, gero Udalak hartu ditzala proiektu honekiko hartu beharreko erabakiak, proposatu zuen.

Gobernu taldetik gogorarazi zitzaion, erraustegia eraikitzeko lanak esleitzear dituztela, "egutegia gainera datorkigu" zioen alkateak. Eta honenbestez, "zerbait egitekotan orain da unea" zioen Xabier Arregik. Horrekin batera, bi gonbita luzatu zizkien EHBilduk oposizioko bi alderdiei; batetik, gai honetan "elkarrekin joatea", etxe ondoan eraiki nahi diguten proiektuari udalerri bezala bat eginda erantzutea. Gogorarazi zutenez, erraustegiaren aurka egoteko "arrazoi asko dago". Hasteko, "ez da beharrezkoa" zioen alkateak, Gipuzkoako hainbat udalerrik erakutsi duten moduan. Beste hiru argudio nagusi ere aipatu zituen. Batetik, azpiegitura arriskutsua dela eta "kalte nabarmena eragingo diola herritarren osasun eta ingurugiroari". Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak ezagutzera emandako nazioarteko kalitate hobereneko ikerketa lanetako datuak hartu zituen ahotan. Erraustegiak gaixotasunak areagotzen dituen ebidentziak aurkitu ditu OEIT-k. "Ikerlaririk ez da ausartu datuok ukatzera", zioen alkateak. Gogora ekarri zituen baita, Anbereseko erraustegian izandako leherketa edota Valdemingomezeko erraustegi inguruan bizi eta gaixo dagoen herritar talde batek azpiegitura honetako kudeatzaileen aurka aurkezturiko salaketa. Madrilgo epaitegi batek tramitera onartu duena.

OEIT-rekin biltzeko gonbita

Erraustegia bera bakarrik ez, egitasmo hau finantzatzeko modua ere toxikoa dela nabarmendu zuen alkateak. Erraustegia martxan egon dadin, "35 urtez gure sosen bidez enpresa pribatuak finantzatzera behartzen gaitu". Erraustegiaren eraikuntza lanak eta kudeaketa esku pribatuetan utziko dela. Gainera, Usurbilek "sortzen dituen hondakinetatik apenas erraustekorik ez eta halare azpiegitura ordaindu behar" zioen alkateak.

Atzerapausoa suposatuko du Gipuzkoako hainbat udalerrietan, Usurbildik hasita, jorratzen ari diren zero zabor bidean. Europako zuzentarauek elemu honetan etorkizunari begira diotena ere gogora ekarri zuen Arregik. Hondakinak birziklatzea lehenetsi eta erraustea debekatzen duten zuzentarauak hain zuzen.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) ezagutzera eman dituen datuak ere ahotan hartu zituen gobernu taldeak. Edozein zalantza edo kezka izanez gero, OEIT eragile eta erakundeekin biltzen ari denez (tartean, Donostia eta Lasarteko udal ordezkariekin bildu da egunotan), haiekin bilera egin daitekeela.

Eta gai honi loturiko azken ohar bat. Erraustegiari buruzko mozioa jorratzen ari zirenean, alkateak berak adierazi zuen, martxoa hasieran bidali zutela erraustegiari buruzko galdeketa antolatzea eskatzeko baimena Madrilera, baina momentuz ez dutela inongo erantzunik jaso.