Gipuzkoako Foru Aldundiak T2 eta T6 autobus zerbitzuak, hau da, hurrenez hurren Usurbil ospitaleekin eta Hernanirekin lotzen dituen zerbitzuak murriztu asmo ditu. Murrizketon aurka agertu zen udalbatza osoa, astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkuran. Udal talde guztiek bat egin zuten, EHBilduk gai honi buruz aurkezturiko mozioarekin. Bi puntuko testuan, "onura soziala eta herritarren beharrak etekin ekonomikoaren gainetik jartzea" eskatzen dio Udalak Aldundiari, "eta ez dezala murrizketarik egin Lurraldebuseko T2 eta T6 zerbitzuetan". Honez gain, "zerbitzuen razionalizazioa egin behar izanez gero, herritarren parte-hartzearekin egitea" galdegiten diote.
Zerbitzuak murrizteko joera Aldunditik
Ospitaleetatik Aginagaraino autobus zerbitzu bat izatea hainbeste kostatu ondoren, "orain murrizketak izatea, ez dugu egoki ikusten" zioen Jone Urdanpilleta zinegotziak astearteko osoko bilkuran. Udala, Lurraldebus enpresa eta sindikatuek gai honekiko kezka agertu dutela. "Gaia aztertzen ari dira", berri eman zuen Urdanpilletak. Antza, Aldundia Lurraldebusekin hartuemanetan da.
T2 eta T6 zerbitzuetan Aldundiak aplikatu asmo dituen murrizketak ez dira bakarrak. Otsailean Amarako autobus geltokia lekuz aldatu zutenean, Usurbil Donostiarekin lotzen zuen autobus zerbitzuko geltokia ere ezabatu zuten. Astigarraga ospitaleekin lotzen duten zerbitzua ere kendu egin zuten. Asmo bera omen dute, Zestoa eta Eibar lotzen dituen zerbitzuarekin ere. Usurbil eta Lasarte, ospitaleekin lotzen duten autobus zerbitzua ere murriztu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Murrizketon aurka, agerraldia egin zuen Usurbilgo eta Lasarteko EHBilduk, albiste honi atxikitako bideo eta argazkian ikusi daitekeenez.