Eztabaida piztu du eta erabaki honen aurkako mobilizazioak ere egin dituzte eragileek azken aldian. Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzaz (DBL) ari gara. Aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri zuen laguntza lerro hau ezabatzeko asmoa du egungo Diputazioak, eragiten duen "erakartze efektua" argudiatuz. Aipaturikoa, protestak eragin dituen gaia, astearteko osoko bilkurara eraman zuen EHBilduk, mozio moduan. Aldundiak "prestazioa bertan behera uzteko duen asmoari uko egin diezaiola", eskatzen du testuak. Jone Urdanpilleta zinegotziak gogora ekarri zuenez, Aldundiaren erabaki honekin, 1.500 familia inguru eta adin txikiko 700 haur eta gaztetxo estaldurarik gabe geratuko dira. Urrutirago joan gabe, Usurbilen 5 familia unitatek eskatu zuten laguntza hau 2013an, seik 2014an eta zazpik iaz. Aldundiaren erabaki honekin, "estaldurarik gabe uzten den jendartea" izango da, Urdanpilletaren esanetan.
Gobernu taldeak osoko bilkurara eramandako testuak gogorarazten duenez, "ongizate soziala herritar eskubidea da". Honenbestez, "Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) izeneko prestazioa erasotzen jarraitzeari utzi eta, bereziki, hori justifikatzeko argudio xenofoboak bere hizkeratik desagertarazteko". Laguntza eskatzeko tramitazioa erraztea ere galdegiten du mozioak. Aldundiari eskatzen zaio, laguntza hau "jaso ahal izateko eskatzen den erroldatze denbora hiru urteetatik urtebetera pasa dezala, hain zuzen ere, lehen zegoen bezala". Eta bide batez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundi eta Udaletan garatuko den laguntzak adostea ere eskatzen zaio Diputazioari.
Testua EHBildu eta PSE-ko udal ordezkarien aldeko bozkekin onartu zen. Aurka agertu zen EAJ-PNV. Josune Urkola bozeramailearen esanetan, Aldundiak ez du laguntza hau ezabatzeko asmorik, aldatzekoa baizik, egungo laguntzak "gizarteratzeko helburua ez baitu betetzen". Aldundia proiektu berri bat lantzen ari dela aipatu zuen Urkolak. Baina gobernu taldetik ez dutela halako asmoen berririk. Orain arte zegoen laguntza kenduko dela iragartzeak segurtasun gabezia eragiten duela eta "gauzak egin diren moduan, protesta egitea eskatzen du" zioen alkateak. Segidan duzue, gehiengo osoz onarturiko mozioak hitzez hitz dioena: