Asteartean egin zen osoko ohiko bilkuran, hirigintza alorreko bi erabaki ere hartu zituen udalbatzak. Batetik, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bateginaren Araudiako Aldaketa Puntualaren (01 Aldaketa) dokumentu osatua aho batez onartu zuten udal ordezkariek. Ez da gaurko gaia, gobernu taldetik aditzera eman zutenez. Tramitazio amaieran da gaia. Behin betiko onartu aurretik ordea, Gipuzkoako Foru Aldunditik araudian forma aldaketa batzuk egiteko eskaera jaso zuten.
Txagañeta
Hau ere ez da kontu berria. Aginagako lur eremu honek jabe ezberdinak ditu. Eremua erabilera ezberdinetara bideratzeko nahia agertu izan dute; batzuk landa erabilpenerako baliatzea nahiago izan dute, besteek industria erabilerarako. Jabeen arteko desadostasunaren aurrean, Udalak erdibideko erabakia hartu zuen. Zati bat landa eremurako utzi eta bestea industria erabilerara bideratzea. Orain, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 edo Txagañeta Sektoreko Ezaugarri Fitxaren Aldaketa Puntuala behin betiko onartzeko dokumentu osatua onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz, astearteko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.