Buruntzaldeko LAB: "Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du"

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 28a, 09:44

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu ostegun hau, apirilaren 28a. Prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela salatzeko eguna izango da. LAB sindikatuak esaterako mobilizazioak deitu ditu; Usurbildik gertuen, 12:00etan Donostiako Bretxan. Eta ate joka dugun Langileen Egunerako, maiatzaren lehenerako ere manifestazioak deitu ditu; Donostiakoa igande eguerdiko 12:30etan abiatuko da Alderdi Ederretik.

Egunon harira, Buruntzaldeko LAB sindikatuak honako idatzia igorri digu. Argi diote; "oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu". Prekarietateak gaixotu eta hiltzen segitzen duela dio:

Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du

XXI. mendean aurrera goaz, jendarteak sekulako bilakaera izan du eta sinesgaitza bezain onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Hori da egunero milaka langilek bizi duten errealitate gordina. Datuak hor daude, 2015ean 55 heriotza istripu izan ziren eta 2016an jada 16 langile hil dira istripu baten ondorioz Euskal Herrian. Kopuru hau gorantz doa.

Lanean gaixotu egiten garela ezkutatzen saiatzen dira; hain zuzen ere kalkulatzen da laneko gaixotasunen %83 ez dela aitortzen. Baina, amiantoa, silizea edo dena delakoaren ondorioz gaixotu nahiz hildako langileen zerrenda luzea da oso.

Bestalde, gihar eta hezurduraren lesioak, antsietatea, depresioa, infartuak, suizidioak eta abar gero eta gehiago gertatzen dira. Hauek, laneko estatistika ofizialetan azaldu ordez, gaixotasun arrunt moduan azaltzen dira gehienetan. Errealitate horren arrazoiak ezagunak dira, prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak. Patronalak etekina soilik du helburu, langileon bizitza arriskuan jarri behar badu ere. Eta instituzioak, arduragabeak, dugun babes apurra (OSALAN...) murrizten dute.

LABek lan osasuna eskubidea izan dadin borrokatzen jarraituko du, horretarako egin dezakegun borrokarik hoberena prekarietatearen kontrako borroka indartzea dela ulertzen dugu eta horrekin batera lantokietan prebentzio neurriak exijitzeko ekintza sindikala indartu. Egoera honen aurrean mobilizazioan sakontzea dagokigu. Lan osasunaren nazioarteko eguna den apirilaren 28an, maiatzaren 1ean eta beharrezkoa den guztietan.

Eskubideak aktibatuz

langileok martxan

LAB Buruntzaldea

Irudia: artxibokoa.