Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimena du jada Zubietako erraustegiak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 28a, 10:09

BERRIAk eman du ezagutzera albistea; Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena eman dio Zubietako erraustegiari. "GHKren proiektuan aldaketa nabarmenik ez dagoela ebatzi du, eta, beraz, aurreko baimena erabili ahal izango du. Apirilaren 11ko data du ebazpenak, eta zabalik utzi du helegiteak jartzeko aukera", adierazi du aipatu hedabideak.

Antza, GHK-k martxoaren 18an eskatu zion Jaurlaritzari 2010eko baimena erabiltzea. Gasteiztik baiezkoa jaso du Kontsortzioak, "egitasmo berriak ez duela aldaketa esanguratsurik eta 2010eko baimena balekoa dela". Jaurlaritzak erantzutzeko 3 hilabeteko epea izan arren, azkar eman dio erantzuna GHK-ri. Gogoan izan, GHK-k maiatzean esleitu asmo dituela erraustegia eraikitzeko lanak.

Giza-katerako izen ematea, Usurbilen eta Zubietan

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak osasunaren alde eta erraustegiaren aurka, maiatzaren 29rako deitu duen giza-katerako prestaketa lanak martxan dira. Gogoan izan, Donostiako Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza herritarrek eskutik helduta lotuko dituen ekimenerako 5.000 lagunen parte hartzea behar da gutxienez. Tartean, 400 usurbildarrena.

Giza-katean parte hartzeko gerturatu datozen asteburuetan Usurbilen eta Zubietan jarriko diren izen emate mahaietara. Usurbilgoa Sutegi ondoan kokatuko dute. Zubietakoa Kaxkape egoitzan. Maiatzaren 29ko giza-katea girotzeko bestalde, udalerri mailako giza-katea egingo da Usurbilen. Larunbatean Artzabalen eginiko batzarrean eratu zen Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea antolatzen ari den hitzordua, maiatzaren‎ 6-8ko asteburuan ospatuko da.

Erraustegiaren aurkako agenda

Apirilak 29, ostirala

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

Apirilak 30, larunbata

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:30tik aurrera, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 6-8ko asteburuan

Maiatzaren 29ko giza-katea girotzeko udalerri mailako giza-katea Usurbilen.

Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea.

Maiatzak 7, larunbata

12:00 GuraSOS taldearen aurkezpena, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.