Otarrak izan genituen udazkenean, oliba olioa neguan, eta udaberri parte honetan, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako kontserba-loteak eskuratzeko aukera izango da, Errigorak abian jarriko duen kanpainari esker. "2015-16 ikasturtearen azken txanpan sartuta, berriro ere bagatoz plazara eskutik eskura proposamenaren kontserba-loteen kanpainarekin", adierazi dute. Oraingoan 7 lote izango dira aukeran, "denak ere kalitate bikainekoak, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan", aurreratu dutenez. Aurrekoetan bezala, NOAUA! Kultur Elkarteak bat egingo du kanpainarekin. Honako loteok eskatu ahalko dituzue kultur elkarteko egoitzan:
-Barazki-menestra ("Almanaque" eta "Maria Jesus").
-Zainzuriak ("El Escolar" eta "Iturri").
-Barazki-krema ("Pedro Luis").
-Orburuak ("Ebron" eta "Maria Jesus").
-Potxak ("La Churta" eta "Maria Jesus").
-Tomate frijitua ("Pedro Luis").
-Pikillo piperrak ("El Escolar" eta "Iturri").
Batzarrak
Kanpaina abiatu aurretik, "balantze txiki bat egiteko eta aurrera begirako aukerak, ideiak eta ildoa partekatzeko" 3 batzar deitu ditu Errigorak. Horietako bat Gipuzkoan, maiatzaren 4an, 18:30etan Zarauzko Ikastolan.
Egutegia
Maiatzak 3-5: batzarrak. Gipuzkoakoa, maiatzaren 4an 18:30etan Zarauzko Ikastolan.
Maiatzak 12-24: kanpaina.
Ekainak 6-8: ekoizleek loteak banatuko dituzte.
Ekainak 7-14: loteak kontsumitzaileek jasoko dituzte.
Ekoizleen euskalduntzea helburu
Errigorarena hazten doan egitasmoa dugu. "Olioaren kanpaina arrakastatsua dugu aurrekari. Herriz herri kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzera gindoazela esan genuen otsailean, eta martxoko zenbakiek gure apustua berretsi zuten: 5.000 familiek erantzun zioten urte osorako olioa eskatzeko gonbitari", berri eman dute Errigoratik.
Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuen arteko zubi lanak eraikitzea bultzatzen dute, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena laguntzea eta bertako euskalgintza suspertzea. Kanpaina honetan hain zuzen, ekoizleen euskalduntzean jarri nahi dute arreta. "Ekoizleen komunitatearengan jarriko dugu arreta. Aurrekoan kontsumitzaileen elkarketak dakartzan onurei buruz hitz egin genuen antzera, oraingoan ekoizleen baturaren onurez mintzatuko gara, euskararengan arreta berezia jarriz. Beti esan izan dugu, ekarpen ekonomikoaz haratago, Errigoraren jardunak euskarari on egiten diola. Bada, kanpainari hasiera emateko, baieztapen hau ekoizleen konpromiso berriekin hezurmamituko dugu, datozen hilabeteetan, elkarlanean, ekoizleen web gune guztiak euskaratuko ditugu eta".
Errigoraren berri: errigora.eus