Oinarrizko Lanbide Heziketa, 25 urtez gazteen bidelagun

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 2a, 07:30

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), formazio aldaketa baten beharrean aurkitzen diren gazteen bidelagun izaten darama 25 urtez, garai batean Agerialden, eta egun Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketa Programak. Mende laurdena igarota, zerbitzuaren balantzea egiteko unea heldu zaie egitasmo honetako sustatzaileei. Ona da egiten duten balorazioa. Oinarrizko Lanbide Heziketa Programak, "arrazoi ezberdinengatik DBH ikasketekin jarraitu ezin duten ikasleei alternatiba-baliabide errealak eskaintzen dizkio". Hezkuntza sisteman aurrera segitzeko prestakuntza eskaintzen dute. DBH-ko titulua eskuratzeko aukera ematen dute; Erdi Mailako Lanbide Heziketarako eta lan munduan murgiltzeko sarbidea ere bada.

Prestakuntza gune honen erdigunean beti gaztea dago, gazteak bizi duen unea eta gazteak dituen beharrak. Eta gazteok beti alboan dute hezitzaile talde bat, beti gazteon garapenean inplikatuak. Lanbidea dute tresna eta ardatza, gaztea motibatzeko. Eta lanbidetik "artikulatuko dira ikaskuntza arautuak eta heldutasuna lortzeko estrategia metodologikoak".

Bi urteko hezkuntza eskaintza honen ostean, "ikasle gehienek bere bidea bilatzen dute", bai maila pertsonalari, profesionalari edo ikasketei dagokienean. Garrantzitsua da hain zuzen, Atalluko ikastetxean egiten duten lanketa pertsonala. "Heldutasun pertsonala lantzen eta garatzen saiatzen gara. Auto-estimua, motibazioa, konfiantza bere buruarengan, errespetua (norbera eta besteengan), ahalduntzea, jarrera eta lan – ohiturak", adierazi digute.

Sistema arautuan egun

Mende laurden honetan, izen aldaketak izan ditu zerbitzuak. Baina jauzi garrantzitsuena ziurrenik, ez arautu izatetik arautu izatera, Lanbide Heziketako sisteman integratua egotera igaro zenean eman zen. Lanbide Hastapena izatetik, Oinarrizko Lanbide Heziketa Programa izatera pasatakoan. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin sinaturiko 4 urterako akordio baten bidez, Udalarena da egun, Atalluko ikastetxe publikoa kudeatzeko eskumena.

Praktika guneak nonahi

Aurreko ikasturtean, ile apainketa eta edergintzara, sukaldaritza eta gozogintza sektoreetan lanean diharduten 23 enpresekin hitzartu zituen praktikak Usurbilgo Udalak. Baina urte guztiotan, Donostia, Buruntzaldea, Oarsoaldea eta Urola Kostako askoz enpresa gehiagorekin sinatu ditu Udalak, halako hitzarmenak.

Ikasleak lan munduan murgiltzen hasteko bitarteko ezinhobeak dira praktika saiook. Baina honez gain, herriko bizitzan ere parte hartzen dute. Usurbilgo herriarentzat baliabide izan nahi dutela gogorarazten digute. Hala, sukaldaritzako ikasleek Ikastola Eguneko bazkaria prestatu izan dute, baita hainbat luntx herrian antolatu izan diren ekitaldi edo ekimen ezberdinetarako. Ile-apainketa ikasketak egiten dabiltzanak Udarregi Ikastolakoek inauterietan eskaintzen duten ikuskizunetako prestaketa lanetan parte hartu izan dute, proiektu errealak bideratu izan dituzte baita Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaile edota ikasleen guraso eta senideekin...

2014-15 ikasturteko emaitzak

-1. maila gainditu eta bigarrenerako matrikulaturiko ikasle kopurua: 26 (11 ikasle ile-apainketa ikasketetan, 15 sukaldaritzakoetan).

-Ile-apainketa eta estetika ikasketetan:

Graduatua lortu dutenak: 8.

Praktikak amaituta lana lortu dutenak: 4.

Erdi-mailako ziklo baterako matrikulatu direnak: 2.

Goi mailako sarbide froga prestatuko duena: 1.

-Sukaldaritzan eta jatetxe-arloan:

Ikasle kopurua: 23 ikasle.

DBH graduatua lortu dutenak: 3.

Praktikak amaituta lana lortu dutenak: 6.

Cebad-en matrikula egin dutenak: 1.

EPA-n matrikula egin dutenak: 1.

Sukaldaritzako ikastaroak (Lanbide ): 2.

Erdi maila. Sukaldaritza: 1

2016-17 ikasturterako eskaintza

Espezialitateak

-Oinarrizko titulua ile-apainketa eta estetikan.

-Oinarrizko titulua sukaldaritza eta jatetxe-arloan.

Iraupena

2 ikasturte, 2.000 ordu guztira, 2016ko irailaren 1etik 2018ko ekainaren 30era. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30-14:30 artean.

Nori zuzendua

DBHko ikasketetatik Lanbide Heziketara igaro nahi duten 15-17 urte arteko gazteei. DBH amaitu ez, baina formazio aldaketa bat nahi-behar duten gazteei.

Bete beharreko baldintzak

-15-17 urte artean izatea.

-DBH 3. maila egina izatea; salbuespen moduan, DBH 2. maila egina izatea.

-Irakasle taldeak, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sartzeko proposamena egin izana guraso edo legezko tutoreei.

Matrikulazio epea

Aurre matrikula: maiatzaren 25etik ekainaren 5era.

Lehen mailako matrikulazioa: uztailaren 16tik 21era. Plaza hutsak egonez gero, uztailaren 22an eta 23an.

Bigarren mailako matrikulazioa: ekainaren 16tik uztailaren 6ra.

Oharra: plazak egonez gero, ikasle berrientzako matrikulazioa irailaren 1etik urriaren 15era.