Ospakizun eguna gaur, 50 urte bete dituen Aginagako Parrokian

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 1a, 09:00

Txiki geratu zen. Gune handiago baten premia ikusi eta lanari ekin zioten. Hor abiatzen da, 1966an Aginagako egungo Asisko Franzisko Deuna Parrokiako eraikina errealitate bilakatu zuen egitasmoa. Inauguratu zela 50 urte beteko dira igande honetan. Mende erdiko historia luzea du atzean, urte luzez aginagarren topagune nagusietakoa izan denak. Bertakoen auzolanari esker, bost hamarkadako ibilbidea osatu du. Lerrootan, laburbildu beharreko bizipen eta bitxikeria bat baino gehiago jaso ditugu.

Esaterako, eraikin berria finantzatzeko loteria jokatzen hasi ziren Aginagan. “Apaizak ekartzen zuen loteria eta herritarrek partizipazioa hartzen zuten”, oroitu digu Aginagako Parrokiako Taldeak. Partizipazioa erosten zuenak, baldintza batekin eskuratzen zuen. “Loteria tokatzen bazen, sariaren erdia eraikin berria egitera bideratu behar zen”, adierazi digute. Esan eta izan. Loteria jokatzen hasi eta tokatu azkenean. “Partizipazioa zutenek sariaren erdia jaso zuten, beste erdia eraikitze lanetara bideratu zen”, kontatu digute Aginagan.

Hortxe sortu zen gune berria eraikitzeko mugimendua. Loterian irabazitako dirua ondo etorri zen, baina ez zen aski. Horregatik, Aginagako zonalde ezberdinetako herritarrak bildu zituen batzorde bat osatu zuten. Etxez etxe diru laguntza eske joan ziren. Nork zenbat ematen zuen jakina zen Aginagan. “Elizako (zaharreko) sarreran zerrenda luze bat jarri zen, zeinek zenbat diru eman zuen, bere izen abizenekin jarrita. Beharrezko diru kopurua osatu zenean hasi ziren lanak”, adierazi digute Aginagako Parrokia Taldekoek. Diru asko bildu omen zuten. Diruaz gain, elizarako organoa eman zuenik ere izan zen.

Obren esleipena egiteko lehiaketa deitu, eta Madrilgo arkiteko batek hartu zuen lanon ardura. Madrilera joan etorri ugari egin omen zen. Ika-mikak izan omen ziren arkitekto honek proposatu zuen diseinuarekin. “Aurrenetik ez zitzaion gustatzen herritar askori eraikin honen diseinua. Oso modernoa zen garai hartarako eta Aginagarako ez zen egoki ikusten. Eztabaida dezente piztu zuen herritarren artean. Baina diotenez, apaizari ere kontra egin omen zion arkitektoak, pulpitoan zuk aginduko duzu baina hemen nik agintzen dut esanez”, azaldu digute.

Arkitektoak esanak bete zituen. Baina zenbait aldaketekin; tartean, “kontraste gutxiago izateko teila zaharrekin egin zen aurrena”. Garai hartan ohikoa zen, Elizari itsatsia frontoi txiki batentzako gunea egokitzea. Kasu honetan egin gabe utzi zuten ordea, obrek eragindako gastua gehiegizkoa ez izateko. Eta aipatu beharrekoa, aleroi gabeko teilatua eraiki zuten, “gerora arazoak ekarri” dituena, aipatzen zigutenez. Gogoan izan, azken urtean berritu behar izan dute.

Garai hartara itzulita, urte pare bat edo behar izan omen zituzten eraikin berria prest izateko. Eta neurri batean, obrak herritarren arteko auzolanari esker aurrera atera ziren. “Azkeneko dorrea eta inguruak herriko gazte eta helduek auzolanean txukundu zituzten”, azaldu digute parrokia taldekoek.

Gertakizun “potoloa”

Lanak amaituta unaugurazio eguna heldu zen, 1966ko maiatzaren lehena. Oihartzun handia izan zuten irekiera ekitaldiko ospakizunek. Orduko Usurbilgo Udaleko ordezkaritza batekin batera, garai hartan ohikoa izaten zen Elizakoa ere gerturatu zen. Argaia gotzaina buru zuen ordezkaritza bat. “Kanpoko jende asko zen. Jende inportante asko etorri zen”, oroitzen du Parrokia Taldeak. Gotzainari arraun desfile batekin egin zitzaion harrera. Orioko abesbatza ere bertan omen zen. Berehala hasi ziren baliatzen gune berria; Pazko Eguneko komunio txikiak egun hartara atzeratu omen zituzten, “inaugurazioarekin batera egiteko”.

Inauguratuta jada, eraikineko horma barruko gunean, gaur arte bizirik mantendu den mugimendua hasi zen. Urte haietan zinea jarri zuten. Taberna ireki zen, gerora jubilatuentzako Arrate Elkartea sortuko zuten. Kanpotik Aginagara etorritako 3 monjen bizileku ere izan zen eraikina. Eliza garbi mantentzeaz arduratu edo haurrei musika irakasten zieten. Mediku kontsulta bat ere izan zuten. Josten ikasteko tailerrak antolatzen hasi ziren. Edota Zubietako Lanbide Eskola eraiki bitartean, aldi baterako lanbide eskola bertan kokatu zen. Aipatu eraikina, gaur arte izan da Aginagako herri mugimenduen txokoa.

Emakumeentzako aparteko sarbidea

Inauguratuta, lekuz aldatu zen aginagarren garai hartako bilgune nagusietako bat. Oraindik ere, Aginagako Eliza Zahar gisa ezagutzen duguna. Jaietan txosna gune eta ekitaldietarako baliatzen den espazioa, duela urte gutxi auzolanean berritu zutena. Parrokiako Taldetik gogorarazi digutenez, denbora puska batean Eliza utzi zen bezala mantendu zuten. Gerora hustu egin zuten. Besteak beste, atarian zituen bi zimitorioak ere kendu egin zituzten. Bai, bi zimitorio. Bat, egungo Eliza Zaharrerako sarbidean kokatua zegoena. Baina bazuen bigarren bat ere, egun, frontoira begira dagoen aldean. “Garai batean emakumeen zimitorioa deitzen zioten, emakumeak albo horretatik sartzen zirelako Elizara”, aipatu digute Parrokiak taldekoek.

Berritu berria

50. urtemuga itxura berrituta ospatuko dute. Iaz egindako berritze lanekin. “Asko kosta da. Lana eta diru handia, baina egin beharra zegoen”, aipatu digute Aginagako Parrokia Taldetik. Lanok garesti atera zaizkiela diote. Garai hartan eraikitako teilatuagatik, “ondorioak orain ordaindu ditugu”. Denborarekin teilatua, “erditik behera jaisten ari zen. Arriskua handia zen”. Teilatua bere lekura igo, egitura indartu eta lehen zuen karga gutxitu dute, “80-100 tona gutxiagorekin jarri da teilatua”. Egurra, zedrozkoa, egun gutxi omen dago eta lehen jarria zegoena berrerabili dute. Horretarako lan izugarria egin dute; egur zati bakoitza banaka askatu, paketeetan bildu eta berriro jarri da. Honez gain, argindar instalakuntza ere berritu dute eta segurtasun ateak jarri.

Auzolanean berreskuratua

Zenbat eta zenbat aginagar ez ote dira bataiatu irudiko pontean. Pentsa, 1817koa dugu. Garai batean Aginagako Eliza Zaharrean baliatzen zuten. Gero egungo eraikina inauguratu zutenean, biltegian gorde zuten. Iaz egin zituzten berrikuntza lanetan eraberritu, txukundu eta egungo eraikinean jarri dute berriz. 50 urte bete ditu Aginagako Elizako eraikinak, 200 urte beteko ditu ponteak 2017an.

Hilerridun herria

Asisko Frantzisko Deuna dugu urtemuga berezi baten ataria den Aginagako Parrokia. Bere historia du atzean. Ba omen zen behin, Aginagan Franzisko izeneko bizilagun bat, Mexikoko erregeordearen idazkaria zena. Garai hartan Usurbilek bazuen Parrokiako eraikina. Kanpandorrerik gabekoa ordea. Hutsune hau bete nahian, kanpandorrea jarri nahian zebiltzan Usurbilen eta Franzisko aginagarrarengana laguntza eske joan omen ziren. “Usurbildik dirua edo urrea bidaltzeko eskatu zioten, eliza kanpandorrerik gabe zela eta dorrea eraikitzeko”. Trukean ordea zerbait eskatu zien Franziskok: bere izena eramango zuen eliza eta hilerri bat eraikitzea Aginagan. Garai hartatik, eta denbora pasa da ordutik, esaten omen da, Aginaga herria dela. Ez udalerria delako, ez baitu Udalik, baina bai hilerria. Aginagak Parrokia eta apaiz propioa izan ditu orain gutxira arte. Horacio Argarate izan zen azkena. Egungoa, Ibon Alberdi, Aginaga eta Usurbilgo parrokietan dabil lanean.

Urtemugako meza, ordutegi nagusian

50. Urtemuga, eraikina inauguratu zen egun berean ospatuko dute. Igandean, bazkari baten bueltan eta aurretik ezohiko ordutegian ospatuko den mezarekin. Aginagan igandero izaten dute meza, goizeko 10:30etan. 12:00etan Usurbilen izaten da. Maiatzaren 1ean ordea, Aginagan ospatuko duten egun berezia tarteko, ordutegiak trukatu dituzte. Hau da, 10:30etan izango da Usurbilgo meza. Eta 12:00etan Aginagakoa. Parrokia taldekoek berri eman digutenez, herritarrak noski eta bost hamarkada hauetan Aginagan apaiz lanetan egon eta bizirik jarraitzen duten guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira, nahiz argi denez, “igandea izanda, etortzeko zaila izango duten”.

Batzuk bizi dira, besteak hil ziren. Baina 1966. urtetik gaur arte Aginagako Parrokiak ezagutu dituen apaiz guztiak oroitu nahi dituzte urtemuga honetan: Antonio Jauregi, Xotero Plazaola, Antonio Agirre, Luis Aranalde, Iñaxio Agirre, Horacio Argarate eta Ibon Alberdi.

Oroimenerako eguna izango da, baita eskerrak ematekoa ere. Lerroon bidez, urte guztiotan Aginagako Parrokiaren eraikitze lanetan eta gunea zutik mantentzen lagundu duten guztiei eskerrak helarazi nahi dizkiete. Eliz mailan, abesbatzan, administrazioan, diru bilketan, mantentze eta garbiketa lanetan... aritu diren guztien lan bolondresa goraipatu nahi dute. Izen guztiak ezin aipatu, ziur baten bat ahaztuta geratuko litzateke eta. Baina aipamen berezia egin nahi diete Aginagako Parrokiak azken hamarkadetan izandako organistei; Agustin Furundarenari eta organo jole gisa 58 urte bete dituen Bitoriano Pikabeari.

Maiatzak 1, igandea

12:00 Meza Aginagako Elizan.

14:00 Bazkaria Aginaga Sagardotegian. Otordurako izen ematea asteazkenean itxi zuten.

Antolatzailea: Aginagako Parrokia.