Langileen eskubideak aldarrikatu eta prekarietatea salatzeko eguna izango dugu maiatzaren lehena. Mobilizazioak deitu dira hiriburuetan. Usurbildik gertuen, Donostian, LAB sindikatuak manifestazioa antolatu du Langileen Egun honetarako, "Langileak martxan, eskubideak aktibatuz!" aldarripean. Sindikatu bereko Buruntzaldeko ordezkaritzak bat egin du igande eguerdiko hitzorduarekin. Lehenago, gazte blokea eratzeko deia egin du gazteen mugimenduak. Ernai Usurbilek atxikimendua adierazi dio ekimenari, "prekarietateak gaixotu eta hiltzen gaituelako". Hitzordu honen harira bideo bat grabatu eta sarean zintzilikatu dute. Albiste honi atxikia duzue.
Prekarietatea erabaki politikoa izanik, prekarietateak eragindako heriotzek erantzule politikoak dituela gogorarazten dute. "Bizitzeko lan egin edo lan egiteko bizi, gure kabuz ala hil, altxa edo eserita segi. Egoeraren gordintasuna denok bizi dugu egunero; etxean, kalean, lantegian. Lan prekarioa pribilegio bilakatu da, zapaltzen eta hiltzen gaituen pribilegioan. Langabetuak miseriara eta langileak arriskura kondenatu gaituzte. Kalegorrian geratzeko arriskura, lanean hiltzeko arriskura. Prekarietateak 2015. urtean 50 langile erahil zituen, aurten dagoeneko 16 dira. Prekarietatea erabaki politiko bat da, eta beraz erantzule politikoak dituzten heriotzez ari gara. Eskaintzen digutena gutxiegi bada, zergatik konformatu?", dio Ernai Usurbilek.
Maiatzak 1, igandea
12:00 Gazte blokea abiatuko da Donostiako Trinitate plazatik.
12:30 LAB sindikatuak deituriko manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik.
Buruntzaldeko LAB: "Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du"
XXI. mendean aurrera goaz, jendarteak sekulako bilakaera izan du eta sinesgaitza bezain onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Hori da egunero milaka langilek bizi duten errealitate gordina. Datuak hor daude, 2015ean 55 heriotza istripu izan ziren eta 2016an jada 16 langile hil dira istripu baten ondorioz Euskal Herrian. Kopuru hau gorantz doa.
Lanean gaixotu egiten garela ezkutatzen saiatzen dira; hain zuzen ere kalkulatzen da laneko gaixotasunen %83 ez dela aitortzen. Baina, amiantoa, silizea edo dena delakoaren ondorioz gaixotu nahiz hildako langileen zerrenda luzea da oso.
Bestalde, gihar eta hezurduraren lesioak, antsietatea, depresioa, infartuak, suizidioak eta abar gero eta gehiago gertatzen dira. Hauek, laneko estatistika ofizialetan azaldu ordez, gaixotasun arrunt moduan azaltzen dira gehienetan. Errealitate horren arrazoiak ezagunak dira, prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak. Patronalak etekina soilik du helburu, langileon bizitza arriskuan jarri behar badu ere. Eta instituzioak, arduragabeak, dugun babes apurra (OSALAN...) murrizten dute.
LABek lan osasuna eskubidea izan dadin borrokatzen jarraituko du, horretarako egin dezakegun borrokarik hoberena prekarietatearen kontrako borroka indartzea dela ulertzen dugu eta horrekin batera lantokietan prebentzio neurriak exijitzeko ekintza sindikala indartu. Egoera honen aurrean mobilizazioan sakontzea dagokigu. Lan osasunaren nazioarteko eguna den apirilaren 28an, maiatzaren 1ean eta beharrezkoa den guztietan.
Eskubideak aktibatuz
langileok martxan
LAB Buruntzaldea
Irudia: artxibokoa.