"Neskatoak" dokumentala, asteazkenean Sutegin

"Neskatoak" dokumentala, asteazkenean Sutegin

"1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, “interna” moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe. Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten".

Emakumeon bizipenak dokumental batean jaso ditu Jon Abril Olaetxea beratarrak, "Neskatoak" izeneko ikus-entzunezko lanean. Proiektu honen bidez, "dena utzi eta mendiz etorkizun baten bila joan ziren emakumeen testigantzak jaso nahi izan ditut. Ehunka izan ziren, frankismoaren urterik gogorrenetan, Baztan-Bidasoatik lanera joandako emakumeak. Bertze hainbat tokitatik ere joan ziren, baina mugarekiko hurbiltasunak bereziki eragin zuen gure eskualdean. Batzuk sasoia egitera joaten ziren, uda parteko lana, Ipar Euskal Herriko hotel eta jatetxeetara. Bertze anitz, amatxi bezala, etxe onetara interna modura, urte osorako. Batzuek, handik, Parisera egin zuten saltoa. Ameriketara artzain; Landatara, Iratira edota Alpetara mendi-mutil; edota Ternuara edo itsasora marinel joandako euren anaiak bezala, emakume hauek ere bizimodu gogorra izan zuten. Horien guztien bizipenak eta gerra ondoko emigrazioaren inguruko dokumentala da “Neskatoak”.

20 urte betetzear den NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, asteazkenean, maiatzaren 4an, Sutegin izango dugu ikusgai, arratsaldeko 19:00etan hasita. Emanaldirako sarrera, doakoa izango da.