Ander Aranburu Leunda usurbildarra, Legazpin hil duten herritarra

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 2a, 10:57

Legazpiko jaietan gertatu zen ezbeharra, larunbat goizaldeko 02:30etan. Lapurreta bat jasan zuen, azken 10 urteotan udalerri honetan bizi izan den Ander Aranburu Leunda usurbildarrak. Lapurreta bat jasan zuen 46 urteko gizonezkoak. Indarkeria baliatu zuten erasotzaileek. Zauritu egin zuten Aranburu. Legazpiko eliz inguruetan aurkitu zuten, inguruan zaintza lanetan zebilen Ertzaintzak. Kontzientzia galdua zuen antza. Suspertzen ahalegindu ziren, gerora baita bertaratu ziren osasun zerbitzuetako langileek, baina bere egoera larria ikusita, Donostia ospitalera eraman zuten. Zaurion ondorioz ordea, larunbat arratsaldean hil zen usurbildarra.

Gertaeraren berri izan zutenetik, abian da larunbat goizaldean gertaturikoa argitzeko ikerketa. Jasotako lekukotzekin, 19 eta 30 urteko bi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak. Antza, atxilotuetako batek zaurituaren dokumentazioa eta kreditu txartela omen zituen. Indarkeriaz lapurreta egitea egotzi zitzaien. Igande goizean aske utzi zituzten arren, igande iluntzean epailearen aginduz berriz atxilotu eta Martuteneko espetxera eraman zituzten.

Gertaera latz honen ondorioz, Legazpiko jaiak bertan behera utzi zituzten. Bertako Udalak deituta, heriotza hau salatzeko 15 minutuko isilunea egin zuten igande arratsaldean Euskal Herria plazan. Goizean, udal taldeen bozeramaileek eginiko batzarrean deitu zuten mobilizazioa. Udalak batetik hildakoren senideei elkartasuna adierazi die eta edozein motatako indarkeriaren aurka agertu. Halako ekintzek jaietan ezin dutela lekurik izan nabarmentu dute adierazpen baten bidez.

Astelehen honetan egingo dira Ander Aranbururen aldeko hileta elizkizunak Usurbilen, 19:30etan hasita Salbatore Deunaren parroki elizan.