Jexux Artzeren omeneko ekimenak hemen dira; ostiralean "Berri ona" filma proiektatu zuten Sutegin. Beste bi hitzordu programatu dituzte asteburu honetarako; "Heroiak" antzezlana eta Javier Muguruzaren emanaldia. Ekitaldiotarako sarrerak aurrez salgai dituzue Lizardi liburu dendan. Egunean bertan, Sutegin ere eskuratu ahalko dituzue. NOAUA! K.E.-ko bazkideetako batek gainera, Muguruzaren emanaldira joateko bi sarrera irabaziko ditu, ostiralean egingo dugun zozketan. "Heroiak" antzezlana ikusteko bi sarrera zozketatu genituen ostiralean; ondoko argazkiko herritarra, Miren Arruti Huegun izan da saritua. Zorionak! Eta milesker 20 urte betetzear den kultur elkarte hau laguntzen aritu zareten guztioi!
Maiatzak 6, ostirala: "Heroiak" antzezlana
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Aktoreak: Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz.
Zuzendaria: Begoña Bilbao.
Zehaztasunak: "Hiru beterano, gerran aritutako soldaduentzako zahar-egoitza batean daude, bizitzaren joanari so. René herrena dago, Gustavek agorafobia du eta Fernandek zorabioak izaten ditu sarri, buruan duen metraila pusketaren erruz… Gerraren ajeak. Gure hiru heroiek zahar-egoitzatik ihes egitea erabaki dute. Nora ordea? Indotxinara? Aldameneko Herrira? Edo haizeak lizarrak inarrosten dituen tontorrera?".
Sarrerak: Lizardin 8 € aldez aurretik, 10 € egun berean (lehiatilan).
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.
Maiatzak 7, larunbata
"Javier Muguruza eta taldea: "Tonetti anaiak" diska aurkezpena"
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "2015ean argitaratutako Tonetti anaiak izenburua duen hamalaugarren diskoa aurkeztuko digu Jabier Muguruzak. Alderdi musikalean, jazz ukituko giroa topatuko dugu bertan. Helburu horrekin, Muguruzak estilo horretako artista handiak elkartu ditu, Mikel Azpiroz pianojolea, Ignasi Gonzalez kontrabaxua eta David Gomez bateria. Tempo lasaiak, sosegatuak, egokienak entzulearen belarrira bere istorio eder horiek kanta ditzan, geure baitako alderdirik intimoenarekin topo egiten dutenak. Jabier Muguruzak bilatzen zuen sonoritate naturala aurkituko duzu errezitaldian".
Sarrerak: Lizardin 8 € aldez aurretik, 10 € egun berean (lehiatilan).
Antolatzailea: Jexux Artze K.E.