Autobusez edo oinez, Herri Urratsera joateko bi hitzordu igandean

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 4a, 08:35

Seaskako ikastolen aldeko festa eguna izango dugu maiatzaren 8an; Herri Urrats ospatuko da Senpereko aintziraren bueltan, “Jalgi” aldarripean. Leloa bera, Etxepareren hitzetatik hautatu dute: “Euskara, jalgi hadi plazara...”. Egun osoko festa egitarau zabala prestatu dute hilaren 8rako. Bildutako laguntza, aurtengoan Bernat Etxepare Lizeoa eraikin berrira bideratuko da. Bertan Seaskako lehen sare profesionala ireki nahi dute.

Herri Urratsera joateko autobus zerbitzua antolatu du Udarregi Ikastolak. Maiatzaren 8an, goizeko 09:10ean irtengo da San Inazioko errotonda ondoan dagoen bus geltoki paretik. Itzulera 19:00etan izango da. Autobus zerbitzurako izena, aurrez eman beharko da, Udarregi Ikastolako idazkaritzan, Bordatxo edo Txirristra tabernetan. Informazio gehiago: herriurrats.eus 

Mendizaleak oinez Senperera

Maiatzaren 8an Senperera gerturatuko direnen artean ditugu Andatza M.K.T.-k antolaturiko asteburupasan parte hartuko duten mendizaleak. Bezperan, Kiroldegitik 08:30etan autobusez Ereñozura abiatu eta bertatik heltzekoak dira oinez, Herri Urrats jaialdira. Azken egunean txangora batu nahi duenarentzat izen emateko azken eguna dute asteazken hau:

Egunak: maiatzak 7-8 edo maiatzak 8. Bi eguneko edo egun bateko irteera aukeran.

Abiatzeko hitzordua:

-2 egunetako irteerara doazenentzat: maiatzaren 7an 08:30etan Oiardo Kiroldegitik.

-Egun bateko ibilbidea egitera doazenentzat: maiatzaren 8an, 08:30etan Oiardo Kiroldegitik. Autobus zerbitzua Lizuniagaraino. "Nahi duenak, Senpereraino autobusez joan daiteke. Kasu honetan, ez dago derrigorrez federatua egon beharrik".

Bi ibilbide aukeran:

-2 egunekoa: Ereñozu-Lesaka maiatzaren 7an (6,5 ordu) eta Lesaka-Senpere maiatzaren 8an (5,5 ordu). Gaua Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxean: dutxa, loa eta gosaria. Afaria aparte ordainduko da.

-Egun batekoa: Lizuniaga-Senpere maiatzaren 8an (3,5 ordu).

Izen ematea:

-2 eguneko ibilbidea egin nahi dutenentzat izen ematea itxita dago jada. Egun bateko irteeran parte hartu nahi dutenek, 10 euroko ordainketa egin behar dute maiatzaren 4a baino lehen. Ordainketak kontu zenbakiotan egin behar dira:

Rural Kutxa: 3008 0259 1630 0543 0321

Kutxabank: 2095 5069 0710 6848 9805

Oharrak:

-Plaza mugatuak.

-Motxilan, 2 eguneko ibilbideetarako otordua, toaila eta aldatzeko arropa eraman  beharko da.

-Maiatzaren 8an Lizuniagan elkartuko dira autobusez datozenekin, Senpereraino joateko.

-Senpereko Herri Urrats jaialditik Usurbila itzultzeko autobus zerbitzua maiatzaren 8an 18:30etan.

-Andatza M.K.T.-k antolaturiko irteeretan parte hartzeko derrigorrezkoa da mendiko federatua izatea eta aseguru txartela indarrean izatea.

Informazio gehiago: andatzamendizale.info