Sortu izan ditugun ur zikinak Orian amaitzen zuten orain arte. Azken hilabeteotan martxan jarri duten kolektoreari esker ordea, egoerak hobera egin du nabarmen. Ostiralean egin zuten Oria Beheko ur zikinak saneatzeko azpiegitura sarearen inaugurazio ekitaldia. Ingurumen Ministerioko Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko saneamenduko azpiegiturak entregatu zizkion Añarbeko Mankomunitateari. Denboran dezente atzeratu den egitasmo hau gauzatu izanari esker, Usurbil edota Lasarte aldean sortutako ur zikin gehienak orain Loiolako araztegira doaz. Han tratatzen dituzte, itsasoratu aurretik. Ur zikin gehienak beraz erriotik aipatu araztegira desbideratu dira jada. Baina ez guztiak. Aginagan zein Txokoaldeko ur zikinentzat oraindik konponbiderik ez dago, lanean den azpiegitura sare honetatik kanpo daude zonaldeok. Ur hauen saneamendua datarik gabe atzeratu dela salatu du Eguzki talde ekologistak.
"Eusko Jaurlaritzak Aginagako eta Txokoaldeko saneamendua berriz ere atzeratu duela salatu nahi du Eguzkik, eta oraingoan datarik gabe atzeratu, gainera. Izan ere, Plan Hidrologiko berriak 2027ra arte programatu dituen lanen artean ez da agertzen. Memorian, berriz, bai; memorian oraindik egin gabe dauden beste hainbat saneamendu-proiekturekin batera aipatzen da, baina "erakunde arduradunen aurrekontu mugatuek" lanok 2027 baino lehen programatzea "zailtzen dutela" ohartarazita ("Programa de Medidas", 40. orrialdea). Alegia, Eusko Jaurlaritzak (Eusko Jaurlaritza baita zati gehiena ordaindu behar duena) ez duela lan hauetarako sosik ipintzeko asmorik, denbora puska ederrean, behintzat", ohartarazi du Eguzkik.
Lanok gauzatzeko asmorik izan ez arren, proiektu bat bada aurreikusia. "Kontuan izan behar da 2007an erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoan egin beharreko hainbat lan hidrauliko hitzartu zituztela. Lan haietako bat Aginagako saneamendua zen, bataz beste hiru milioi euroko aurrekontua zuena. Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, Ura Agentziaren bidez, %75 ordaintzeko konpromisoa hartu zuen eta Añarbeko Urek, berriz, %25. Urteak joan dira, ordea, eta Aginagak saneamendurik gabe jarraitzen du. Eta ez hori bakarrik, baizik eta, esan bezala, Plan Hidrologiko berrian lan hauek edozein programaziotik kanpo utzi dituzte", Eguzkik berri eman duenez.
"Oraindik egiteko asko"
Ondorioa argia da; 500 lagunen eta zenbait enpresen ur zikinek errioan amaitzen segitzen dute. "Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan" hain zuzen. Eta eremu horren helburu nagusietako batek betetzeke segitzen du, Eguzkitik gogora ekarri dutenez. "Hain zuzen, KBE honen helburu nagusietako bat uraren kalitateari eustea da eta 5. helburu operatiboan espresuki aipatzen da Aginagako saneamenduaren beharra", adierazi dute ohar bidez.
Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak eginiko adierazpen batzuk ere ekarri dituzte gogora. "Orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldi batean, zera esan zuen: "Natura 2000 Sarea da Europaren apustu nagusia biodibertsitatea kontserbatzeko". Baina gehiago ere esan zuen: "Administrazioak Natura 2000 Sarea babestera bideratzen duen euro bakoitzak 22 euro baino gehiago ematen ditu. Bada, adierazpen hauei erreparatuta, ondorioztatu genezake Aginagako saneamendua atzeratuz, ingurumenari kalte egiteaz gain, dirua eta guzti galtzen ari garela", adierazi dute Eguzkitik.
Gai honetan egiteke asko dagoela dio talde ecologistas, ezinbestekoak direla proiektuok, baina ez direla lehentasunezkoak Jaurlaritzarentzat. "Orain dela gutxi esan genuen bezala, azken urteotan asko aurreratu da saneamendu-alorrean, baina, alde batetik, burutu diren lanak, oro har, oso atzerapen handiarekin burutu dira, eta, bestetik, oraindik egiteko asko geratzen da. Plan Hidrologiko berrian errepikatzen den ideia bat hauxe da: egiteko dauden proiektuak egiten joango dira aurrekontu publikoek ahalbidetzen duten neurrian. Horren adibide da Aginagako kasua. Baina erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, saneamendu-proiektuetara behar beste diru bideratzen ez badute, beste lehentasun batzuk dituztelako izango da, beharbada proiektu “estrategikoagoak”, AHT kasu. Saneamendu-proiektuak oinarri-oinarrizkoak bai, baina ez omen dira “estrategikoak”, eta ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak".