Gertaera latza bizi izan zuten asteburuan Legazpiko jaietan. Indarkeria baliatuta lapurreta egin zioten, azken 10 urteotan udalerri horretan bizi izan den Ander Aranburu Leunda usurbildarrari. Larunbat goizaldean izan zen. Larri zaurituta geratu zen, eta zoritxarrez, handik ordu batzuetara hil zen. Astelehenean egin ziren Anderren aldeko hileta elizkizunak, bere sorterrian; Usurbilgo Salbatore Deuna parroki elizan.
Egun zailotan, Anderren sendiak biziki eskertu nahi du jaso duten babes eta elkartasuna, baita Anderren azken orduetan, bere ondoan egon ziren guztiak ere. "Anderren familiaren izenean bihotzez eskerrik asko. Segurako neska koadrilari aurkitu zutenean laguntza eskatu eta bere ondoan egon zirelako. Bizirik mantentzen saiatu ziren guztiei. Erasotzaileak atxilotzea posible egin zuten guztiei. Udaltzaingoari gu aurkitu arte etsi ez zutelako. Koldobikeri momenturo informatuta mantendu gintuelako. Legazpiko herriari eta bertara hurbildu zirenei, adierazitako elkartasun eta babesagatik. Usurbilgo herriari gure ondoan egoteagatik. Samina handia bada ere guztien babesa eta indarra sentitzeak arnasa hartzen laguntzen digu. Berriro ere bihotzez eskerrik asko", adierazi du Anderren familiak.
Asteburu latza Legazpian
Legazpiko jaietan gertatu zen ezbeharra, larunbat goizaldeko 02:30etan. Lapurreta bat jasan zuen, azken 10 urteotan udalerri honetan bizi izan den Ander Aranburu Leunda usurbildarrak. Indarkeria baliatu zuten erasotzaileek, 46 urteko gizonezkoaren aurka. Zauritu egin zuten Aranburu. Legazpiko eliz inguruetan aurkitu zuten, inguruan zaintza lanetan zebilen Ertzaintzak. Kontzientzia galdua zuen antza. Suspertzen ahalegindu ziren, gerora baita bertaratu ziren osasun zerbitzuetako langileek, baina bere egoera larria ikusita, Donostia ospitalera eraman zuten. Zaurion ondorioz ordea, larunbat arratsaldean hil zen usurbildarra.
Gertaeraren berri izan zutenean abiatu zen larunbat goizaldean gertaturikoa argitzeko ikerketa. Jasotako lekukotzekin, 19 eta 30 urteko bi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak. Antza, atxilotuetako batek zaurituaren dokumentazioa eta kreditu txartela omen zituen. Indarkeriaz lapurreta egitea egotzi zitzaien. Igande goizean aske utzi zituzten arren, igande iluntzean epailearen aginduz berriz atxilotu eta Martuteneko espetxera eraman zituzten.
Gertaera latz honen ondorioz, Legazpiko jaiak bertan behera utzi zituzten. Bertako Udalak deituta, heriotza hau salatzeko 15 minutuko isilunea egin zuten igande arratsaldean Euskal Herria plazan. Goizean, udal taldeen bozeramaileek eginiko batzarrean deitu zuten mobilizazioa. Udalak batetik hildakoren senideei elkartasuna adierazi die eta edozein motatako indarkeriaren aurka agertu. Halako ekintzek jaietan ezin dutela lekurik izan nabarmentu dute adierazpen baten bidez.
Usurbilgo herriak astelehenean eman zion azken agurra, sortzez bertakoa zen Ander Aranburu Leundari.