Usurbilek ere badu, torturaren aurkako murala

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 5a, 10:58

Burlatan (Nafarroa) torturaren aurkako mural bat margotzeagatik zazpi lagun atxilotu zituen Polizia Nazionalak apirilaren 19an. Espainiako segurtasun indarrak iraintzea leporatu zieten lagun guztioi. Ordu batzuetara libre utzi zituzten. Gertaturikoa salatzeko manifestazioa eta ekimen gehiago egin dira. Ordutik non nahi eta noiznahi agertzen eta ugaritzen joan dira, torturaren aurkako muralak. Modu honetan, errealitate hau salatu eta Burlatan gertatukoarekiko elkartasuna adierazten ari dira Euskal Herri luze zabalean. Usurbilen ere margotu berri dute, Bizkarre auzunean. N-634 errepidetik argi ikus daiteke.

Epaiketaren zain

Burlatako muralean tortura hitza marrazteaz gainera, "Aztnugal" (laguntza alderantziz idatzia) hitza ere agertzen zen. Hain zuzen, 2011ko urtarrilean Grande Marlaska epailearen aginduz, 2011ko urtarrilean atxilotu zituzten bost gazteek salaturiko torturen haritik dator, "Aztnugal" kanpaina. "Inkomunikazioa amaitzerakoan torturatu gintuztela salatu genuen publikoki. Jon Patxik bere deklarazio poliziala sinatzeko erabili zuen “Aztnugal” (laguntza alderantziz) hitza hartu genuen gure salaketaren sinbolo gisa", adierazi dute.

Epailearen aurretik pasa ostean, urte eta erdi eman zuten "espetxealdi prebentiboan Madrilgo kartzeletan dispertsaturik". Tarte horretan, Estrasburgora heldu zen euren kasua. "Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiar estatua zigortu zuen Jon Patxi Arratibelek egindako tortura salaketa ez ikertzeagatik. Lagunok prozesamendu autoa jaso dute, "8 urteko eskaera fiskalari aurre egin beharko diogu eta ikasturte honetan epaituko gaituztela aurreikusten dugu". Honen guztiaren harira abiatu zuten "aztnugal" kanpainari buruzko informazio gehiago: aztnugal.org