Larunbatean hitzaldia eskainiko du Hernaniko kultur etxean eta igandean Zubietan izango da, errausketaren "0 gunea" bertatik bertara ezagutzen. Bisitan datorkigu asteburuan, Rossano Ercolini Zero Waste Europe mugimenduko lehendakaria. "Ercolinik Goldman Price saria jaso zuen bere lanagatik 2013an eta berrikitan liburu bat atera du “Ez dezagun etorkizuna erre” tituluarekin", adierazi du Hernanin Zero Zabor taldeak. Bilgune honek antolatu du hain zuzen, Ercolinik larunbatean 12:00etan Hernaniko Biteri kultur etxean eskainiko duen hitzaldia. Udalerri honetan atez atekoak 6 urte bete dituen honetan izango da. Italieraz mintzatuko da hizlaria, baina itzulpen zerbitzua egongo da saioan. "Errausketaren kalteez eta Zero Zabor ereduaren ahalez mintzatuko da", 2013an Goldman Price saria ("Nobel Berdea" ere deitua) jaso zuen gizona.
Pello Zubiria aginagarrak Argiako blogean jasotzen duenez, Ercolini, ofizioz maisua da lehen mailako eskola batean. Erraustegiren aurkako borroka duela 20 urte baino gehiago abiatu zuen. 1994an, bere sorterrian, Italiano Capannorin eraiki nahi zuten erraustegiaren aurkako "Ambiente e Futuro" talde txikia sortu zuen. 1996an zero zabor aldarria zabaltzen hasi zen eta sorterria, Europako lehen Zero Waste (Zero Zabor) udalerri bilakatu zen. Hortik sortuko zen gerora Italiako Rifiuti Zero mugimendua, egungo Europako indartsuena. Lehenago ere gure artean izana da Ercolini, gai honi buruz antolatu izan diren jardunaldietan. Asteburuan bueltan dator Hernanira eta Zubietara. Argiak ateratako ondoko irudian duzue Rossano Ercolini, Urdaiagako plazan, atzean erraustegia eraiki asmo duten kokagunea duela.
Erraustegiaren aurkako agenda
Maiatzak 6, ostirala
Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:
17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.
19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.
Oharra: NOAUA!n ere izen emateko aukera, astelehenetik ostiralera bulego orduetan.
Maiatzak 7, larunbata
Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:
12:30tik aurrera, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.
17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.
Maiatzak 7, larunbata
12:00 GuraSOS taldearen aurkezpena, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
12:00 Rossano Ercolini, Zero Waste Europe mugimenduko lehendakariaren hitzaldia Hernaniko Biteri kultur etxean: "Ez erraustu etorkizuna. Zero Zabor da bidea". "Ercolini Italiako errausketaren kontrako mugimenduaren liderretako bat da eta Europako Zero Waste (Zero Zabor) mugimenduko presidentea". Hernaniko atez ateko bilketaren 6. urtemugaren baitan antolatu duten hitzorduko sarrera, Hernaniko alkate Luis Intxauspek egingo du: "Hernani, Zero Zabor udalerria".
Antolatzaile eta babesleak: Hernanin Zero Zabor eta Hernaniko Udala.
Maiatzak 8, igandea
Goizean, Rossano Ercolini Zero Waste Europe mugimenduko lehendakariak Zubietako erraustegiaren "0 gunea" bisitatuko du.
Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:
12:00-14:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.
Maiatzak 21, larunbata
Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.
Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es
Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.
Maiatzak 29, igandea
11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.
Luzeera: 5 kilometro inguru.
Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.
Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.
13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.
Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.