Autobus zerbitzua Usurbildik, Herri Urratsera

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 6a, 09:18

Seaskako ikastolen aldeko festa eguna izango dugu igande hau, maiatzaren 8a; Herri Urrats ospatuko da Senpereko aintziraren bueltan, “Jalgi” aldarripean. Leloa bera, Etxepareren hitzetatik hautatu dute: “Euskara, jalgi hadi plazara...”. Egun osoko festa egitarau zabala prestatu dute; kontzertuak, ikuskizunak, jan edana... Bildutako laguntza, aurtengoan Bernat Etxepare Lizeoa eraikin berrira bideratuko da. Bertan Seaskako lehen sare profesionala ireki nahi dute.

Herri Urratsera joateko autobus zerbitzua antolatu du Udarregi Ikastolak. Maiatzaren 8an, goizeko 09:10ean irtengo da San Inazioko errotonda ondoan dagoen bus geltoki paretik. Itzulera 19:00etan izango da. Autobus zerbitzurako izena, aurrez eman beharko da, Udarregi Ikastolako idazkaritzan, Bordatxo edo Txirristra tabernetan. Informazio gehiago: herriurrats.eus

Usurbilgo mendizaleak Senperen

Senperera gerturatuko direnen artean ditugu Andatza M.K.T.-k antolaturiko asteburupasan parte hartuko duten mendizaleak. Larunbatean Kiroldegitik 08:30etan autobusez Ereñozura abiatu eta bertatik, oinez igandean Herri Urrats jaialdira heltzekoak dira. Izen ematea itxita dago. Informazio gehiago: andatzamendizale.info