Zero Waste Europe mugimenduko lehendakaria, gure artera dator

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 6a, 10:28

Bisitan datorkigu asteburuan, Rossano Ercolini Zero Waste Europe mugimenduko lehendakaria. Larunbatean hitzaldia eskainiko du Hernaniko kultur etxean eta igandean Zubietan izango da, errausketaren "0 gunea" bertatik bertara ezagutzen. "Ercolinik Goldman Price saria jaso zuen bere lanagatik 2013an eta berrikitan liburu bat atera du “Ez dezagun etorkizuna erre” tituluarekin", adierazi du Hernanin Zero Zabor taldeak. Bilgune honek antolatu du hain zuzen, Ercolinik larunbatean 12:00etan Hernaniko Biteri kultur etxean eskainiko duen hitzaldia. Udalerri honetan atez atekoak 6 urte bete dituen honetan izango da. Italieraz mintzatuko da hizlaria, baina itzulpen zerbitzua egongo da saioan. "Errausketaren kalteez eta Zero Zabor ereduaren ahalez mintzatuko da", 2013an Goldman Price saria ("Nobel Berdea" ere deitua) jaso zuen gizona.

Pello Zubiria aginagarrak Argiako blogean jasotzen duenez, Ercolini, ofizioz maisua da lehen mailako eskola batean. Erraustegiren aurkako borroka duela 20 urte baino gehiago abiatu zuen. 1994an, bere sorterrian, Italiano Capannorin eraiki nahi zuten erraustegiaren aurkako "Ambiente e Futuro" talde txikia sortu zuen. 1996an zero zabor aldarria zabaltzen hasi zen eta sorterria, Europako lehen Zero Waste (Zero Zabor) udalerri bilakatu zen. Hortik sortuko zen gerora Italiako Rifiuti Zero mugimendua, egungo Europako indartsuena. Lehenago ere gure artean izana da Ercolini, gai honi buruz antolatu izan diren jardunaldietan. Asteburuan bueltan dator Hernanira eta Zubietara. Argiak ateratako ondoko irudian duzue Rossano Ercolini, Urdaiagako plazan, atzean erraustegia eraiki asmo duten kokagunea duela.