183 izen emate Udajolasen, zozketarik ez da egingo

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 7a, 23:02

Itxi berri dugu Udajolaseko izen ematea. NOAUA! Kultur Elkarteak Usurbilgo Udalarekin elkarlanean uztailerako antolaturiko aisialdiko ekimenean, 4-12 urte arteko 183 haur eta gaztetxok izena eman dute azken bost egunetan. Iaz baino dozena bat lagun inguruk gehiago. Halere plaza guztiak ez dira bete. 200 lagunentzako lekua zegoenez, ez da zozketarik egin beharrik izango. Izen emate eskaera guztiak, onartu dira beraz.

Guraso bilera

Eguna: ekainak 2, osteguna.

Ordua: 17:00.

Tokia: Potxoenea.

Nori zuzendua: maiatzaren 2tik 6ra Udajolasen izena eman duten haur eta gaztetxoen gurasoei.

Deitzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.

Udajolas

Epea: uztailaren 4tik 29ra, astelehenetik ostiralera.

Ordutegia: 09:30-13:30.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.

Matrikulazio epea zabalik, Zubietako udako txokoetan

Zubietako Guraso Elkarteak 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txokoak antolatu ditu uztaila eta abuzturako. Interesdunek zabalik izan dute aurre izen ematea, apirilaren 30era arte. 20 euroko ordainketa egin eta inskripzio orri bat bete behar zen, “norberaren beharrak zehaztuz”. Apuntaturiko haur kopuruaren eta zehazturiko beharren arabera, behin betiko egitaraua finkatu eta matrikulazio epea zabalik dute, maiatzaren 20ra arte. Tarte horretan, “matrikula orria bete beharko da eta epe barruan bakoitzak dagokion kuota ordaindu beharko du”. Izen emateko idatzi zubietatxoko@gmail.com helbidera edo bestela, Zubietako Eskolan eskura ditzakezue inskripzio orriak. “Epez-kanpo izen ematen duenak ez du tokia ziurtaturik izango. Izen eman gabeko edo matrikula ordaindu gabeko haurrak ez dira onartuko”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak kudeatuko dituen txokoak astelehenetik ostiralera izango dira uztaila eta abuztuan, goizez eta lau orduz, 09:30-13:30 artean. Txoko hauek hamabostaldika antolatuko dira. “Haurrek lagun artean jolastu, tailerretan parte hartu, irteerak egin eta abar luze bat egiteko aukera izango dute”, berri eman dute antolatzaileek.