GuraSOS: "Erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 9a, 10:13

Zubietan eraiki asmo duten erraustegiak euren eta seme-alaben osasunean izango duen eraginagatik kezkatuta, Gipuzkoako hainbat guraso bildu eta GuraSOS mugimendua sortu dute. Larunbat eguerdian aurkeztu zuten, leporaino bete zen Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Ideologia eta mundu ezberdinetako kideen elkarlanetik sortu dute bilgunea, "eta etorkizunean kide guztion elkargune izan nahi du. Elkartzen gaituena, gure txiki eta gaztetxoen osasuna babestea baita, ezberdintasun guztien gainetik". Eskaera argi batekin plazaratu dira jendartera; erraustegia bertan behera utzi dezatela nahi dute. "Guk ez dugu interes politiko edo ekonomikorik, bakar-bakarrik gure seme-alabak babestu nahi ditugu: ez dugu beren osasuna arriskuan jartzerik onartzen. Horregatik, arazoari emango zaion irtenbideak, gaur egun gipuzkoarron eta bereziki gure seme-alaben osasunerako berme nahikorik ematen ez duenez, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu", adierazi dute.

Erraustegia inork ez duela nahi diote, errealitate hau ukaezina dela eta GuraSOS mugimenduak duen kezkak oinarria eta funtsa duela, "osasuna arriskuan dagoenaren aitortza inplizitu bat badagoela" alegia. Horren adierazgarri, berriki Foru Aldundiak Biodonostiarekin sinatu duen hitzarmena. Akordio honen baitan, erraustegiaren eragina ezagutzeko azterketa epidemiologikoak egin asmo dituzte. "Azterketa honen beharrak frogatzen du arrisku baten aurrean gaudela, eta gizakien osasunarengan izango duen eragina norainokoa izan daitekeen esperimentatzeko gu eta gure haurrak erabiltzeko asmoa dute", azpimarratu zuten.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuek aurkezturiko ebidentzia zientifikoak ere ahotan hartu zituzten. Plazaratu dituzten datuek "beldurtzen gaituzte: azaldu dituzten datu eta ondorioek; erraustegia eta minbiziaren artean zer-nolako harremana dagoen diotenak, besteak beste. Medikuek argi diote: fetoak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta adinekoekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak".

Eraikiko balitz, erraustegiak 30 kilometroko diametrodun eragin-eremua izango omen luke. Eta gu guztiok eremu horren baitan gaude. Hala dio, zeinek eta Eusko Jaurlaritzak. "Eta eragin-eremu honetan 200 hezkuntza-zentro daude, gurea eta zuena tartean. Donostiako ospitale-gunea eta Onkologikoa ere "eragin-eremu" honen barnean aurkitzen dira", ohartarazi dute.

Dibulgazio ekitaldia eta manifestua

Aurkeztu berri duten GuraSOS mugimenduak bi lan ildo nagusi ditu. Batetik, informazioa jaso eta beste gurasoekin partekatu nahi dute. Horretarako harremanetan jarri dira mediku eta zientzialariekin, baita "era honetako azpiegituren arriskuari aurre egin dioten beste guraso batzuekin" ere. Ahalegin horretatik dator, maiatzaren 21erako Hernaniko Orona-Ideo-n antolatzen ari diren dibulgazio ekitaldia. "Bertan, erraustegiek gure osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa (objektiboa eta frogatua) jasotzeko aukera eskaintzea da gure helburua, zientzialari eta medikuen eskutik, eta nola ez, bizipen pertsonalei ere tartetxo bat eskainiz", iragarri dute. Ekimen honetan inplikatu nahi dituzte baita, Gipuzkoako eskola, hezkuntza-eta osasun komunitateak ere. "Horregatik, besteak beste, familiez gain, gonbidapen zuzena egingo diegu "eragin-eremuan" dauden ikastetxeetatik hasi eta Gipuzkoako ikastetxe guztiei, eta baita osasunaren inguruan zeresana duten profesionalei ere".

Manifestu bat ere aurkeztu zuten agerraldian zehar, "gure kezka eta nahiak azalduz". Guraso eta seme-alaben osasunean erraustegiak izango lukeen eraginarekiko kezka agertzen dute bertan, eta hondakinen arazoa konpontzeko  "gizarte eta haren ordezkariak ados jar daitezela" eskatzen dute. Beti ere, "inoren osasuna arriskuan jarri gabe". Manifestu honen aldeko atxikimendu bilketa ere abiatu dute jada. "Sinatzera gonbidatzen zaitugu! Zuen (zure) laguntza behar dugu!", adierazi dute. Jasotako atxikimendu guztiak gero, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori helarazteko asmoa du GuraSOS mugimenduak, "zera eskatzeko: osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako, eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituz, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu!".

Haurrak eta gurasoak, familiak izan ziren agerraldiko protagonista nagusiak. Erraustegiak dakarren arriskua antzezlan labur baten bidez ederki asko irudikatuz hasi zuten saioa. Haurrak jolasean lasai asko ziren, eta bat batean erraustegiko keak sortutako alarmaren eraginez, gurasoak hurbildu zitzaizkien aurpegian maskarak jartzera. Parodia bat zen noski. Baina erraustegiak dakarren arriskua agerian utzi nahi izan zuten. Ekitaldi amaieran aldiz, Gipuzkoako udalerri ezberdinetako guraso eta seme-alabak desfilatzen ikusi genituen. Guztiak ere, etor daitekeenaz kezkatuta.

GuraSOS mugimenduaz eta eskuartean dituzten egitasmoez informazio gehiago jasotzeko aukera duzue bideotatik:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos