Erraustegiaren baimen bateratuari errekurtsoak aurkezteko aukera udal errejistroan, asteazkena baino lehen

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 9a, 02:45

Adi, Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak egin duen urgentziazko deialdiari. Duela gutxi, hedabideek zabaldutako informazioari esker jakin genuen (ez ohiko bide ofizialetatik) Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimema eman ziola Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki asmo duen errauste plantari. Antza, GHK-k martxoaren 18an eskatu zion Jaurlaritzari 2010eko baimena erabiltzea. Gasteiztik baiezkoa jaso zuen Kontsortzioak, "egitasmo berriak ez duela aldaketa esanguratsurik eta 2010eko baimena balekoa dela". Jaurlaritzak erantzuteko 3 hilabeteko epea izan arren, azkar eman zion erantzuna GHK-ri. Gogoan izan, GHK-k maiatzean esleitu asmo dituela erraustegia eraikitzeko lanak.

Errekurtsoak aurkezteko deia

Ebazpen hau baliogabetzea eskatzeko errekurtsoa aurkezteko aukera dago, baina epea ixtear da. Horretarako, maiatzaren 11ra arteko, hau da, datorren asteazkenera arteko tartea dago. Honen harira, urgentziazko deia egin du Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Dei egiten dizuegu bakoitzak bere errekurtsoa jartzeko, norbanakoa". Horretarako martxan duten erraustuez.org atarian sartu eta bertan eskuratu ahalko duzuen orri bat bete besterik ez duzue. "Lasai, orri hau betetzeak ez du inongo eraginik sinatzen duenarentzako", ohartarazi du Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Orria beteta, inprimatu eta Usurbilgo Udaleko erregistroan aurkeztu dezakezue. Orriok udal erregistroan bertan eskuratu ditzakezue baita. Bestela, "zuzenean Eusko Jaurlaritzako edozein bulegoko errejistroan sarrera eman". Hori bai, datorren asteazkena (maiatzak 11) baino lehen tramitatu behar da.

Inprimakia: Errekurtsoa-euskaraz

Informazio gehiago: erraustuez.org

Zer eskatzen dugu?

  1. LEHENA 2010eko apirilaren 23ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresak Donostiako udalerrian sustatutako hondakinen baliotze energetikoaren proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren aldeko adierazpena egin eta Ingurumenaren baimen bateratua eman zitzaion.
  2. BIGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresari Donostiako udalerrian hondakinen baliotze energetikorako emandako Ingurumenaren baimen bateratua aldatu egin zen.
  3. HIRUGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpena eman zenerako proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eta Ingurumenaren baimen bateratua iraungita zeuden.
  4. ESKATZEN DUGU: Idazki hau aurkeztutzat hartu ondoren, emandako ebazpen horren aurka BERRAZTERTZEKO ERREKURTSOA aurkeztutzat har dezala, eta ebazpen hori baliogabetzeko.