Rossano Ercolini, errausketaren zero gunean eta Usurbilen bisitan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 8a, 13:28

"Errausketa zaharkitutako tekno­logia da, etorkizuneko baliabi­deak alferrik galtzen dituena. Era berean, kutsadura iturri haundia da, eta ondorioz, gure osasuna eta ingurugiroa babesteko beha­rra daukagu. Errauskailua baldin badaukazu, ez dago baliabiderik gaikako bilketarako eta praktika onetarako. Errausketa iragana da, eta etorkizuna behar dugu! Era berean, beharrezkoa da baliabide natural eskasiari aurre egitea, materialak berreskuratuz, eta ez, errez". Hala zioen Rossano Ercolini, Zero Waste Europe mugimenduko lehendakariak, berriki Urumeako Kronika egunkariari eskaini dion elkarrizketa batean.

Errausketa, hondakinak kudeatzeko biderik txarrena dela dio, baztertu beharrekoa. "Errausketa da zaborra ku­de­a­tzeko biderik txarrena; oso ga­res­tia da, ez du lanposturik sortzen komunitatearentzako eta 30 u­r­tetarako eraikitzen baduzu, hu­ra elikatu behar duzu, eta on­dor­ioz, birziklatzea eta kon­pos­ta egi­tea baztertzen duzu. Osa­sun ara­zoei dagokienez, be­rriz, saihestu badaiteke, arris­ku­rik txikiena hartzea ere ez da onar­garria. Beraz, osasuna, in­gu­rugiroa eta ekonomiarentzako errausketa bai­no aukera hobeak badaude, zergatik sustatu en­pre­sa batek bultzatzen duen horrelako tek­no­l­ogia garestia?", galdetzen du.

Goldman Price saria

Ercolini, ofizioz maisua da lehen mailako eskola batean. Erraustegiaren aurkako borroka duela 20 urte baino gehiago abiatu zuen. 1994an, bere sorterrian, Italiano Capannorin eraiki nahi zuten erraustegiaren aurkako "Ambiente e Futuro" talde txikia sortu zuen. 1996an zero zabor aldarria zabaltzen hasi zen eta sorterria, Europako lehen Zero Waste (Zero Zabor) udalerri bilakatu zen. Hortik sortuko zen gerora Italiako Rifiuti Zero mugimendua, egungo Europako indartsuena. Ercolinik Goldman Price saria jaso zuen bere lanagatik 2013an. Berrikitan liburu bat atera du “Ez dezagun etorkizuna erre” tituluarekin. Lehenago gure artean izana da Ercolini, gai honi buruz antolatu izan diren jardunaldietan. Asteburu honetan itzuli da.

Bisitan

Larunbatean Hernaniko Biteri kultur etxean "Ez erraustu etorkizuna. Zero Zabor da bidea" hitzaldia eskaini zuen Ercolinik. Asteburu pasa honen baitan, bisitan izan dugu igande goiz honetan Usurbilen. Lehenbizi, errausketaren zero gunera igo da, Usurbilgo Udaleko, Zubietako Herri Batzarreko, Hernanin Zero Zabor taldeko edota Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeko kideekin batera. Gertutik ikusi ahal izan du, une honetan erraustegia egiteko gunean dagoen zulo puska. Usurbila jaitsi dira gero. Sorterrira itzultzeko hegaldia hartu aurretik, udalerri honetako hondakinen kudeaketa eredua ezagutzeko aukera izan du Ercolinik.