Laugarrenez bilduko da 18:00etan Potxoenean, Jai Batzordea

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 9a, 09:28

Bi hilabete baino gutxiago falta dira herriko festetarako. Antolaketa lanak aurreratuak dituen Jai Batzordea, laugarrenez bilduko da astelehen honetan, maiatzaren 9an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Festetako nondik norakoak lotzeko bilerok irekiak dira, herritar eta eragile ororentzat. Jai Batzordetik iragarri dutenez, aurten ideia berri ugari omen daude.

Herriko festak prestatzeko lanak otsailaren 22an abiatu zituen Jai Batzordeak Potxoenean egin zuen lehen bilkuran. Saio hartan finkatu ziren datozen Santixabeletako jai egunak; 2016koak ekainaren 30etik uztailaren 3ra ospatuko dira. Egitaraua lotzen hasiak dira baita eta horretan jarraituko dute datozen saioetan.

Txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak

Ekainaren 30ean Usurbilgo festak abiatzeko txupinazoa nork botako duen herritarrek erabakiko dute aurten ere. Maiatzaren 20ra arteko epea duzue, zuen ekarpenak kultura@usurbil.eus helbidera helarazteko. Bestela, papertxo batean idatzi eta Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian eta Potxoenean jarri dituzten kaxetan utzi ditzakezue.

"Urrutiko intxaurrak hamalau", partaide bila

Orain arte aukerarik izan ez eta esketx bat antzeztu, bertsoak bota, abestu, argazkiak proiektatu edota txisteekin publikoa barrez lehertarazi nahi baduzue, zuena izango da oholtza datozen herriko festen atarian. “Urrutiko intxaurrak hamalau” izeneko emanaldia antolatzen ari da Ixabel Agirresarobe. Baina berak ondo baino hobeto aipatu digunez, ikuskizunerako “osagaiak behar ditut. Herritar edo elkarte orok, usurbildarrei zuen produktua eskaini nahi badiozue hemen duzue aukera”. Ekainaren 29an, gaueko 22:00etan frontoiko oholtza gaina zuena izango da.

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da 16 urte beteak izatea. Gutxienez bost bat minutuko saioa eskaini beharko da. Saio bat baino gehiago eskaini nahi dituenak, ekitaldian zehar tartekatzeko aukera izango du. Ekitaldi arteko lotura Ixabelek berak egingo du. Saio xumea behar du izan, baliabide askorik eskatzen ez duena. Oholtza gaina tresnez betetzea saihestu nahi da, denek nahi duten emanaldia eskaintzeko tokia izan dezaten.

Oholtza gainean usurbildarrei zer eskainia duzuela pentsatzen duzuenok, eman izena maiatzaren 15a baino lehen, ixabel.agirresarobe@gmail.com helbidean edo 675 712 383 telefono zenbakian. Edozein zalantza argitu edo informazio gehiago bideotatik jaso dezakezue. Izen ematerakoan, eskaini nahi duzuen saio labur horren zehaztasunen berri eman; edukia, iraupena, beharko dituzuen baliabideak. Baliabideez ari garela, antolatzaileak ohartarazi duenez, oholtza, argiteria eta soinua Usurbilgo Udalak jarriko du.

Maiatzaren 15era arte jasotako proposamenekin ekainaren 29ko emanaldia diseinatuko du gero Ixabel Agirresarobek, eta antolaketa lanak bideratzeko parte hartzera animatu direnekin bilduko da.

Egitarau lehiaketa

Txupinazoa bakarrik ez, datozen festetako egitarauak zuetako batek landutako diseinua izango du. Programako diseinu lana hautatzeko lehiaketa antolatu du Jai Batzordeak, aurreko urteetan bezala. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da, maiatzaren 20ra arte.

Lehiaketako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza jaiak hasi aurreko egunetan herritar guztien eskutara helduko da. Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua eta oinarriak bertan jaso behar dira. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:

-Lanaren neurria librea izango da.

-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da. “Lehiaketa irabazten duenak gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du lehiaketa irabazi ondoren”.

-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.

Lehiaketari begirako araudi orokorra:

-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.

-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.

-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.

-Nahi adina lan aurkez daitezke.

-Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.

-Lanak maiatzaren 20a baino lehen helarazi behar dira Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo postaz bidali helbide honetara:

Usurbilgo Udala

Kultura Saila

Jose Martin Sagardia Plaza z.g.

20170 Usurbil

Argibide gehiagorako: 943 371 999 edo kultura@usurbil.eus