Santueneko jubilatu elkarteko tabernaren irekiera gaur 19:00etan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 10a, 00:15

Usurbilgo Udalaren esleipen deialdia gauzatuta, astearte honetan, maiatzaren 10ean arratsaldeko 19:00etan irekiko dute berriz Santueneko Gure Elkartea jubilatuen bilguneko taberna berritua. Euskal giroan inauguratuko dute; Kantu Taldekoak espero dituzte, baita akordeoijolea ere. Bertako produktuak dastatu ahalko dira. Herritarrei bertaratzeko gonbita luzatzen diete.

Santuenea 11n kokatua dagoen Gure Elkartea jubilatuen lokaleko taberna eta bertan dauden elementu eta instalazioen erabilpena eta zerbitzua esleitzeko prozedura gauzatu du beraz Usurbilgo Udalak. Udaletik berri eman dutenez, "kontratu honen hasierako iraupena 2 urtekoa izango da, hau urtez urte, luzatu ahalko delarik, beste 2 urte gehiagoz, guztira 4 urte bete arte".

Artzabalgo esleipenari loturiko ezohiko bilkura

Santueneko jubilatu elkarteko taberna inauguratuko duten egun berean, ezohiko osoko bilkura deitu du Udalak, astearte honetarako, arratsaldeko 18:00etan. Gai bakarra hartuko dute ahotan; "Artzabal eraikineko Gure Pakea jubilatuen tabernaren kudeaketa. Eskaintza onena izendatzea".

Kiroldegiko kirol jarduera fisiko eta ur sorospen zerbitzua esleitzeko deialdia

"Usurbilgo Udalaren Oiardo Kiroldegiko kirol jarduera fisiko eta ur sorospen zerbi­tzua" esleituko du Udalak, apirilaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitara eman zuen iragarkiaren arabera. Bi urtetarako kontratua izango da, "beste urte beteko bi epez luzagarria"  izango dena. Esleipen deialdi honetan parte hartzeko interesa dutenek, 20 eguneko epean aurkeztu behar dituzte eskabideak. Agiriak eta informazio gehiago jasotzeko, Usurbilgo Udalera jo dezakezue astelehenetik ostiralera goizez, 08:00-14:30 artean, deitu 943 371 951 telefono zenbakira, edo idatzi email bat, kontratazioa@usurbil.eus helbidera. Prozesu honen berri ere usurbil.eus udal web orrialdean emango dute. Bertan "jakinaraziko da B eta C gutun azalen irekiera eguna, ordua eta tokia".

Lan talde berria Kiroldegian

Apirilaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean  Usurbilgo Udalak iragarri moduan, Oiardo Kiroldegiko atezain­tza, harrera eta administrazio lanen zerbi­tzua esleitu dute. Martxoaren 31n gauzatu zen esleipena. BPXport Kirol Zerbitzuak, S.L.U. izan da esleipenduna. Kiroldegiko lan talde berria martxan da jada. Bi urtetarako esleipena da honakoa, urtero beste bi urtez luzagarria izango dena. Abenduan egin zuen lizitazio deialdia Usurbilgo Udalak.

Informazio gehiago:

http://www.usurbil.eus/eu/kontratatzailearen-profila