"Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketaren irekiera ostiralean

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 10a, 10:00

Askotan munduko txoko ezezagunenak bisitatzera joateko ehunka kilometro egiten baditugu ere, hemen, etxean bertan, ondare oso aberatsa dugu. Baina ez dugu ezagutzen. Dugunaz jabetu, ezagutu, zabaldu eta balorean jartzen laguntzera dator, "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa. Sagardoaren Lurraldeak Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalekin eta Donostiako Aquarium-ekin elkarlanean sustatutako erakusketa ibiltaria dugu honakoa. Hernanin izan zen ikusgai astebetez, apirila amaieran. Maiatzaren 13tik 22ra Usurbila izango dugu. Ostiral honetan inauguratuko da, 19:00etan Sutegiko aretoan. Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateak aurkezpena egin eta ondoren bisita gidatua egingo da erakusketan zehar, Lourdes Odriozola Sagardoetxeko historialariarekin.

"Erakusketa honetan gure ibaiek, Urumeak eta Oriak, sagardoaren inguruan, eta sagardoaren garraioan izandako garrantzia jaso da. Urte askotan, gure ibai hauek inguruko lurraldeetako bizitzaren antolakuntzan izan duten garrantzia", zioen Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, erakusketa udalerri hartan inauguratu zutenean. Oria eta Urumea ibaiek urte luzez gordetako sekretuak aireratzera datorren erakusketan, Usurbili loturiko erreferentzia bat baino gehiago aurkituko dugu.

Udal, probintzia eta estatuko artxiboetan eginiko ikerketen emaitza da "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" egitasmoa. Orain arte ezezagunak ziren hainbat datu interesgarri eta bitxien bilduma. Aipaturiko bi ibaiok, "komunikaziorako giltzarriak izan dira eta harreman ekonomikoak eta sozialak eratzeko erabili izan dira. Iraganean, ibaiak bizitza nahiz "aberastasunaren iturri" eta aintzinako "autobideak" izan ziren. Urumea eta Oria Gipuzkoako bi ibai nagusiak, "sagardo ibaiak" eta teknologikoki puntako guneak izan ziren aintzinan. Portu-instalazio eta zerbitzuak izan zituzten, beren ur bazterretan salerosketa gune ugari izan ziren eta asko izan ziren beren ur ertzetan gertatutako istorio harrigarri eta bitxiak. Esaterako: XVIII. mendeko langileen greba, Ergobiako bidesarian ordaindu behar zen tasa, itsasoa eta portuekin erlazionaturiko zenbait ogibidetan soldataren zati bat ordaintzeko sagardoa erabiltzea, Astigarragako alkate bizargina eta Murgiako Jaunen haserrea, Ignacio de Soroa untzigile usurbildar ospetsuaren amodio-kontuak...".

Erakusketa, herriz herri

-Usurbilen maiatzaren 13tik 22ra, Sutegi erakustaretoan: asteazkenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatean 12:00etik 13:30etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandean 12:00etik 13:30etara.

-Astigarragan irailean.

-2017. urtean, Donostiako Aquarium-ean.

Antolatzaileak: Sagardoaren Lurraldea; Usurbil, Hernani eta Astigarragako Udalak; Donostiako Aquarium-a.

4. Sagastiak Loretan

Maiatzak 15, igandea

10:00 Mikel Olano, txorietan adituaren emanaldia Saizar sagardotegian.

Ondoren, taldea Anaerrekara txorien kantuak entzutera.

10:30 Pilota partidak (Usurbilgo lehen mailako txapelketako bi partida).

11:00 Herriko ekoizleen azoka irekiera trikitilariekin.

12:00 Meza Salbatore elizan.

12:30 Hamaiketakoa, Bordatxuriko oilaskoak (LumaGorri).

13:30 Bertso saioa: Amets Arzallus eta Elixabete Pagola.

14:30 Bertso-Bazkaria Saizar sagardotegian.

(Txartelak salgai Alkartasuna Kooperatiban eta NOAUA!n, maiatzak 11 arte. Prezioa: 30 €). Menua:

-Bakailao-tortilla.

-Bakailao frijitua piper berdeekin.

-Idi txuleta.

-Gazta, intxaurrak eta irasagarra.

-Teilak eta zigarrotxoak.

-Ura, sagardoa, ardoa eta kafea.

17:30 Herri kirolak: emakume eta gizon proba. Aizkora, trontza eta txinga lehiaketa.

18:00 Kalejira erraldoi eta buruhandien konpartsarekin.

Oharra: eguraldiaren arabera, goizeko ekitaldia herriko plazan edo Askatasuna plazan egin daiteke.

Antolatzailea: Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba.

Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Noaua! Kultur Elkartea eta LumaGorri.

Maiatzak 19, osteguna

11:00 Euskal Herriko Sagardoaren Ibilbide Turistikoaren aurkezpena Potxoenean.

Maiatzak 22, igandea: 35. Sagardo Eguna

10:30 “Sagardotegia, gure kolejiyua” kantatu zuen Udarregi bertsolariaren oroimenez Remigio mendiburuen eskultura jarri zela 50 urte gogoratzeko ekitaldia.

11:00 Potxoenea atarian duela 20 urte egindako Noaua!ko bazkideen argazkia berrituko dugu.

11:30 Hasiera ekitaldia Noaua!ren eskutik.

Goizean zehar, frontoian herriko baserritarrak eta beste sagardogileak izango dira, Dema plazan Gipuzkoako sagardogileen elkarteko postuak jarriko dira eta Askatasuna plazan Eusko Labelean sartuta dauden sagardoak dastatzeko aukera izango da. Pintxoak dastatzeko aukera ere izango da.

12:00-13:30 "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa Sutegiko erakustaretoan.

18:00-21:00 “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.

Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.

Ekainak 4, larunbata

09:00-13:00 Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloko saioa Potxoenean: "Sagastien udako kimaketa, gaitzak eta izurriteak".

Bideratzailea: Aitor Etxeandia.

Oharra: saioa, otsailaren 27tik irailaren 10era antolatu den "Sagarrondotik Sagardora" ikastaro praktikoaren baitan egingo da. Ikastaro osoaren prezioa: 96 euro, Alkartasuna Kooperatibako bazkideek doan. Saio solteetan izen emateko aukera ere badago. Hurrengo saioak:

-Uztailak 9: "Zuhaitzen udako edo begiko txertaketa".

-Irailak 10: "Sagarraren heldutasun analisiak eta etxean sagardoa egiteko hastapenak".

Informazio gehiagorako eta izen emateko: 

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

alkartasuna.eus

Antolatzailea: Alkartasuna Kooperatiba.

Elkarlanean: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, NOAUA! Kultur Elkartea, Usurbilgo Sagastia E.M., Sagardoaren Unibertsitatea, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Bizi Sagardoa, Usurbilgo Udala.