Deialdi berriak, erraustegiaren aurkako agendan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 10a, 12:00

Maiatzeko bigarren hamabostaldia erraustegiaren aurkako ekimenez josia dator, azken egunotan hitzordu gehiago deitu dira eta. Urgentzia gehien duenetik hasita; asteazken eguerdiko 13:00ak arte aurkez ditzakezue Usurbilgo Udalaren erregistroan, erraustegiaren baimen bateratua baliogabetzea eskatzeko errekurtsoak. Bestalde, larunbatean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean aurkeztu zuten  GuraSOS mugimenduaren manifestua sinatu dezakezue gurasos.org atarian sartuta.

Izen emateez ari garela; ez ahaztu, maiatzaren 29rako Donostiako Onkologikoa eta Foru Aldundiko egoitza osasunaren aldeko eta erraustegiren aurkako giza-kate batek lotuko dituela. Gutxienez 400 usurbildar behar dira, udalerri honi dagokion zatia osatzeko. Izen emateko, adi, asteburuetan Sutegin eta Zubietako Kaxkapen jarriko dituzten mahaiei. Astelehenetik ostiralera, NOAUA!ko egoitzara etorrita ere eman dezakezue izena. Edo noiznahi, erraustuez.org atarian.

Erraustegiaren arriskuez ohartarazteko jardunaldiak

Honez gain, zenbait jardunaldi egingo dira datorren astean. GuraSOS mugimendua dibulgazio ekitaldia antolatzen ari da maiatzaren 21erako Hernaniko Orona-Ideo-n. "Bertan, erraustegiek gure osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa (objektiboa eta frogatua) jasotzeko aukera eskaintzea da gure helburua, zientzialari eta medikuen eskutik, eta nola ez, bizipen pertsonalei ere tartetxo bat eskainiz", iragarri dute. Ekimen honetan inplikatu nahi dituzte baita, Gipuzkoako eskola, hezkuntza-eta osasun komunitateak ere. "Horregatik, besteak beste, familiez gain, gonbidapen zuzena egingo diegu "eragin-eremuan" dauden ikastetxeetatik hasi eta Gipuzkoako ikastetxe guztiei, eta baita osasunaren inguruan zeresana duten profesionalei ere".

Egun berean, baina goizez, proiektu suntsitzaileen aurkako Txirrinka bizikleta martxa igaroko da Donostiatik Tolosaldera bidean, Zubieta ingurutik. Lasarte-Orian hitzaldi interesgarria baita maiatzaren 21ean.  Valdemingomezeko (Madril) erraustegiko kaltetuak datoz Manuel Lekuona kultur etxera. Gogoan izan, gaixo talde batek erraustegiaren aurka aurkezturiko salaketa tramitera onartu duela bertako auzitegi batek.

Eta bezperan, maiatzaren 20an Potxoenean, Usurbilgo bi lagunek erraustegiaren aurka burutzen ari diren lanketa plazaratuko dute. Minbizia izan eta gainditu duten bi lagunok, euren lekukotza azaltzeaz gain, bizi izan duten esperientziaren ikuspegitik erraustegiak dakartzan arriskuez ohartarazi eta euren lanketa aurkeztuko dute. Ekitaldi irekia izango da edonorentzat, baina modu berezian, minbizia izan edo duten herritarrak, senideak edota osasun alorreko profesionalak gonbidatu nahi dituzte hitzordura. Guztien ekarpen eta babesa bildu nahi dute saioan.

Honatx heldu zaizkigun azken deialdiekin eguneratu dugun agenda:

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 11, asteazkena

13:00ak arte Erraustegiaren baimen bateratua baliogabetzea eskatzeko errekurtsoak aurkezteko aukera Usurbilgo Udalaren errejistroan. Errekurtso orriak bertan eskuratu, bete eta entregatu ditzakezue. GuraSOS mugimenduak kaleratu duen manifestua ere sinatzeko aukera duzue, gurasos.org atarian.

Maiatzak 13, ostirala

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 14, larunbata

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:30tik aurrera, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 15, igandea

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:00-14:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

Maiatzak 21, larunbata

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak.

Goizean, maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Arratsaldean, GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.