Erraustegiaren baimen bateratuaren aurkako 1.038 errekurtso jaso dira Usurbilen, beste 234 Zubietan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 11a, 12:17

Ez zen denbora tarte handirik, baina Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eginiko deialdiak erantzun zabala izan du Usurbilen. Erraustegia eraikitzeko berriki Eusko Jaurlaritzak GHK-ri emandako baimen bateratuaren aurka errekurtsoak aurkezteko aukera zegoen asteazken eguerdi honetara arte. Deialdia egin zenetik hona, bi egun besterik ez zeuden. Baina beste behin, argi utzi dute herritarrek ez dutela halako azpiegiturarik nahi ez Zubieta gainean, ez beste inon ere. 48 orduko tartean, erraustegia eraikitzeko baimen bateratua baliogabetzea eskatzeko 1.038 errekurtso aurkeztu dira Usurbilgo udal errejistroan. Ondoko irudian, bildutako errekurtsoen kopurua zehazten duen orria eskutan duela, Xabier Arregi Usurbilgo alkatea.

Jakin berri dugunez bestalde, Zubietako Herri Batzarrak 234 errekurtso jaso ditu. Eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak aditzera eman duenez, gehiago bildu dira Buruntzaldean eta beste zenbait lekutan:

Usurbil: 1.038.

Zubieta: 234.

Lasarte-Oria: 575.

Hernani: 500.

Astigarraga: 151.

Andoain: 122.

Urnieta: 40.

Donostiako Usandizaga: 25.

Tolosa: 18.

Ibarra: 25.

Gasteizko Kanpusa: 300.

Errekurtsoaren edukia:

Zer eskatzen dugu?

LEHENA 2010eko apirilaren 23ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresak Donostiako udalerrian sustatutako hondakinen baliotze energetikoaren proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren aldeko adierazpena egin eta Ingurumenaren baimen bateratua eman zitzaion.

BIGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresari Donostiako udalerrian hondakinen baliotze energetikorako emandako Ingurumenaren baimen bateratua aldatu egin zen.

HIRUGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpena eman zenerako proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eta Ingurumenaren baimen bateratua iraungita zeuden.

ESKATZEN DUGU: Idazki hau aurkeztutzat hartu ondoren, emandako ebazpen horren aurka BERRAZTERTZEKO ERREKURTSOA aurkeztutzat har dezala, eta ebazpen hori baliogabetzeko.

Donostiako EHBilduren alegazioak

Donostiako Udaleko EHBilduk ere atzo aurkeztu zituen, Zubietako erraustegiari emandako baimen bateratuaren aurkako alegazioak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko egoitzan.

Irudia: Usurbilgo Udala.