600 boluntariotik gora, asteburuan Gipuzkoan erraustegiaren aurkako 225.000 esku-orri banatzeko

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 11a, 11:24

600 boluntario baino gehiago mobilizatuko ditu asteburuan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Gipuzkoa osoko postontzietan 225.000 esku-orri banatzeko. Esku-orriak prest dira herri guztietan. Boluntarioak ere bai. Honenbestez, "dena prest dago herrialdeko buzoi guztietara iristeko", prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez. "Asteburu honetan Gipuzkoako etxe guztietara iritsiko gara gipuzkoar guztion osasunaren eta patrikaren kontra doan egitasmo hau gelditu daitekeela eta geldituko dugula ozen adierazteko", iragarri dute ekimen honen sustatzaileek.

Usurbilen ere lanotarako taldea osatu da. "Usurbilen ere hainbat herritarrek buzonaketan parte hartuko dute, talde bat Usurbilen laguntzen arituko da eta beste talde bat Donostira joango da, donostiarrei laguntzera", berri eman dute. Halere laguntzaile gehiagoren parte hartzea eskertuko luke Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Ekimen honetan parte hartu nahi duenak, jo dezala bere herriko Erraustegiaren Aurkako Asanbladara, edo bestela Donostiako hitzordura ager dadila: larunbatean, 14an, 9:00etan, Ilarraberri kalean (Ibaetan, Aratz jatetxearen ondoan)", ohartarazi dute.

Erraustegia eraiki nahi dutenek ezkutatu nahian dabiltzan errealitatea azalerazi nahi da ekimen honekin. "Mobilizazio zabal honen bitartez, erraustegiaren arduradun politikoei mezu argi bat bidali nahi diegu: komunikabide handietan, publiko zein pribatuetan, ezarria duten kontrol informatiboaren gainetik, ezkutatu nahi dituzten egiak Gipuzkoako txoko guztietaraino eramango ditugu. Beraiek herritarrei ezkutatzen dietena azalarazteko gai garela demostratuko dugu. Batzuek entzun nahi ez dituzten egiak eta ebidentziak herritar guztiengana, banan-bana, iritsiko dira", adierazi dute.

3 mezu

Gipuzkoarron osasun eta ekonomiarako erraustegiak dakartzan kalteez ohartarazi nahi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, asteburuan herrialde osoan banatuko dituen esku-orrien bidez. Zabortegiak ez direla konponbidea berretsiko dute. Eta, "bide batez, maiatzaren 29rako antolatu den giza-katearen deialdia gogoratuko dugu. Jakina den bezala, giza-kate batek Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuko ditu eta esku-orri honen bitartez ere gipuzkoar guztioi parte hartzeko deia egingo diegu". 3 mezu nabarmenduko dituzte, gipuzkoar guztien eskuetara helduko diren esku-orriekin:

-Erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da. Erraustegiaren inguruan minbizi kasu gehiago pairatzeko arriskua frogatu da. Dozenaka ikerketa daude, baina bat aipatzearren: Carlos III Unibertsitatea (2013). Minbiziak ez du bereizketarik egiten ez klase sozial, arraza edo sexuen artean, ezta alderdi politikoen boto-emaileen artean ere.

-Gipuzkoan inoiz egon den lapurreta ekonomiko handienaren aurrean gaude. Izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu ditu erraustegiaren kostuak. Hasieran 300 milioi euro kostua izango zuela iragarri arren, orain jakin ahal izan dugu kopuru hori 1.200 miliotara iritsiko dela. Eta horietatik %10, “garbi”, enpresa pribatu baten akzionistek eramango dute. Eta zeinek ordainduko du? Herritarrok, gure tasen eta zergen bitartez. Hau onartezina da!

-Zabortegiak ez dira konponbidea. Ez Epelen, ez Lapatxen, ezta Kantabrian ere. Soluzioa gero eta hondakin gutxiago sortzea da, ahalik eta baliabide gehienak berreskuratzea eta bakoitzak bere etxean hondakinak berezituak jasotzea. Badaude herri eta eskualde asko Gipuzkoan hori dena egitea posible dela demostratzen ari direnak, udalean alderdi politiko bat edo bestea egon (Debagoiena, adibidez).

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 13, ostirala

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

Oharra: giza-katerako izen emateko aukera, astelehenetik ostiralera, NOAUA!ko egoitzan. Eta noiznahi, erraustuez.org atarian.

Maiatzak 14, larunbata

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:30tik aurrera, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 15, igandea

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:00-14:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

Maiatzak 21, larunbata

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak. 

Goizean, maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Arratsaldean, GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.