EHBildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo, bat eginik erraustegiaren aurka

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 11a, 11:50

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiaren aurka bat eginda daude, EHBildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo. 10 puntuko akordioa erdietsi dute lau eragileok. Goizean izenpetu dute, Donostiako Udalean egin duten agerraldian, murriztu, berrerabili eta birziklatzearen aldeko eta erraustegiaren aurkako mezu artean. Iban Asenjok (EH Bildu), Ione Cisnerosek (Ahal Dugu), Xabier Pombok (Ezker Anitza) eta Edurne Baranda de Miguelek (Equo) parte hartu dute ekitaldian.

Erraustegiaren aurkako eta ekonomia zirkularraren eta zero zabor filosofiaren aldeko akordioak lau helburu ditu: hondakinak murriztea; birziklatzea eta berrerabilera sustatzea; hondakinei erraustegia ez den bestelako tratamendu bat ematea; eta I+D+I bultzatzea, hondakinen arazoari irtenbide berriak bilatzeko. Hondakinentzat konponbide integral, eraginkor, malgu, jasangarri eta herritarren osasun eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izango dena proposatzen dute.

Erraustegia geratu daitekeela, horretarako aukera guztiak aztertzen dabiltzala adierazi dute. Gipuzkoak erraustegirik ez duela behar gogorarazi dute, erraustegiak, ingurumen eta osasunerako kalteak ekarri eta gipuzkoarrak hurrengo 35 urtetarako hipotekatuko dituela. Bide batez, hondakin tasetan eman den gorakada ere salatu dute. Erraustegiaren finantziazioari lotu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiari hondakinen inguruko diagnosia berriz egitea eskatu diote, egungo prognosia okerra delakoan. "Irreala da eta artifizialki puztuta dago", adierazi dute.

Irudia: EHBildu.