Urberritzen prozesuko laugarren topagunea, maiatzaren 18an

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 12a, 08:40

Eskualdeko eragileentzako deialdia. Donostia-Beterri eskualdeko udalek (Beterri) Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentzia (Iraurgi Berritzen) eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, Urola Erdia eta Beterri eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko urte hasieran abiaturiko Urberritzen prozesua azken txanpan da. "Urberritzen egitasmoaren helburu nagusia da Urola Erdia eta Beterri eskualdeetako eragileen berrikuntza sozialerako gaitasuna handitzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun propioagoak eta egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko", Elhuyar Aholkularitzatik ohartarazi dutenez.

Otsailean abiaturiko Urberritzen prozesu honen baitan, laugarren topagunea deitu dute, maiatzaren 18rako, 10:30etan Lasarte-Oriako Villa Mirentxun. Topagunea eragileei zuzendua dago; bertaratu nahi dutenek, aurrez eman dezatela izena, albiste honetan beherago adierazten diren bideetatik. "Azken topagunean, eskualde mailako proiektuak identifikatu, horiek martxan jartzeko eman beharreko urratsak planifikatu eta berrikuntza sozialean eragiteko proiektuek bete beharreko irizpideak landuko dira", iragarri dute.

Ekainean borobilduko dute prozesua, jardunaldi batekin. Datorren hitzorduaren aurretik, beste hiru saio egin eta hainbat urrats eman dira. "Otsailetik apirilera bitartean, Beterriko berrikuntza sozialean eragiteko hiru Topagune egin dira eskualdeko herri ezberdinetan eta saio horietan eskualdeko askotariko eragileek hartu dute parte. Orain arteko saioetan, Urberritzen proiektua aurkezteaz gainera, tokiko garapen-ereduen kasu praktikoak ezagutu eta eskualdearen garapen-eredua (Ikuspegia eta Balioak) adostu da eragile ezberdinen artean; eta marko horretan kokatzen diren eta martxan dauden proiektuak ezagutu eta elkarlanerako proiektu berriak identifikatu dira", berri eman dute.

Urberritzen, 4. topagunea

Eguna: maiatzak 18, asteazkena.

Tokia: Lasarte-Oriako Villa Mirentxun.

Ordutegia: 10:30-13:00.

Gai zerrenda:

-Eskualde mailako proiektuak identifikatu. Horiek martxan jartzeko eman beharreko urratsak planifikatu eta berrikuntza sozialean eragiteko proiektuek bete beharreko irizpideen lanketa.

Izen emateko edo informazio gehiagorako: 

688 684 956-688 685 586

enpresa@andoain.eus

http://berrikuntzasoziala.elhuyar.eus

Oharra: "izen ematerakoan euskaraz ulertzeko gai zaren adieraztea ere eskertuko genizuke, saioak antolatze aldera".

Hurrengo saioak: Urberritzen prozesuan ikasitakoa gizartearen eskura jartzeko jardunaldia, ekaina hasieran.

Antolatzaileak: Donostia-Beterri eskualdeko udalak (Usurbilgoa tartean), Foru Aldundia,Urola Erdiko Berrikuntza, Iraurgi Berritzen Garapen Agentzia eta Elhuyar Aholkularitza.