Errigoraren kontserba loteak eska ditzakezue gaurtik NOAUA!n

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 12a, 09:27

Otarrak izan genituen udazkenean, oliba olioa neguan, eta ostegun honetatik aurrera, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako kontserba-loteak eskuratzeko aukera izango da, Errigorak abian jarriko duen kanpainari esker. "2015-16 ikasturtearen azken txanpan sartuta, berriro ere bagatoz plazara eskutik eskura proposamenaren kontserba-loteen kanpainarekin", adierazi dute. Oraingoan 7 lote izango dira aukeran, "denak ere kalitate bikainekoak, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan", aurreratu dutenez. Ondoko irudian duzue gaurtik aurrera eskatu ahalko duzuen produktu sorta. Aurrekoetan bezala, NOAUA! Kultur Elkarteak bat egingo du, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena eta euskalgintza sustatzea helburu duen elkartasun ekimen honekin. Honako loteok eskatu ahalko dituzue kultur elkarteko egoitzan:

-Zainzuriak ("El Escolar" eta "Iturri"). 425 ml-ko 8-12 aledun 12 ontzi (ekoizle bakoitzeko seina): 41 euro.

-Potxak ("La Churta" eta "Maria Jesus"). 720 ml-ko 6 ontzi ekologiko eta 6 konbentzional: 25 euro.

-Orburuak ("Ebron" eta "Maria Jesus"). 720 ml-ko 12 ontzi (ekoizle bakoitzeko seina): 44 euro.

-Barazki-menestra ("Almanaque" eta "Maria Jesus"). 720 ml-ko 12 ontzi (ekoizle bakoitzeko seina): 39 euro.

-Pikillo piperrak ("El Escolar" eta "Iturri"). 425 ml-ko 12 ontzi (ekoizle bakoitzeko seina): 32 euro.

-Kremak ("Pedro Luis"). Hiruna ontzi barazki, kalabaza, brokoli eta porru krema ekologikoak: 24 euro.

-Tomate frijitua ("Pedro Luis"). 370 ml-ko 12 ontzi: 15 euro.

Egutegia

Maiatzak 12-24: kanpaina.

Ekainak 6-8: ekoizleek loteak banatuko dituzte.

Ekainak 7-14: loteak kontsumitzaileek jasoko dituzte.

Ekoizleen euskalduntzea helburu

Errigorarena hazten doan egitasmoa dugu. "Olioaren kanpaina arrakastatsua dugu aurrekari. Herriz herri kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzera gindoazela esan genuen otsailean, eta martxoko zenbakiek gure apustua berretsi zuten: 5.000 familiek erantzun zioten urte osorako olioa eskatzeko gonbitari", berri eman dute Errigoratik.

Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuen arteko zubi lanak eraikitzea bultzatzen dute, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena laguntzea eta bertako euskalgintza suspertzea. Kanpaina honetan hain zuzen, ekoizleen euskalduntzean jarri nahi dute arreta. "Ekoizleen komunitatearengan jarriko dugu arreta. Aurrekoan kontsumitzaileen elkarketak dakartzan onurei buruz hitz egin genuen antzera, oraingoan ekoizleen baturaren onurez mintzatuko gara, euskararengan arreta berezia jarriz. Beti esan izan dugu, ekarpen ekonomikoaz haratago, Errigoraren jardunak euskarari on egiten diola. Bada, kanpainari hasiera emateko, baieztapen hau ekoizleen konpromiso berriekin hezurmamituko dugu, datozen hilabeteetan, elkarlanean, ekoizleen web gune guztiak euskaratuko ditugu eta".

Errigoraren berri: errigora.eus