Yoga, bokashi edota erlezaintzari buruzko ikastaroak asteotan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 12a, 09:01

Ikastaroen loraldia asteotan. Denetariko saioak antolatu dituzte, Etumeta AEK euskaltegiak, Oiardo Kiroldegiak, KzGuneak, Alkartasuna Kooperatibak... Segidan dituzue saio hauen guztien inguruko zehaztasunak:

Kayaksurf erakustaldia

Gaztetxoentzako saioa, igande honetan, maiatzak 15, 11:00-13:00 artean Oiardo Kiroldegiko igerilekuan. Xabier Olano usurbildarrak bideratuko du saioa. Donostiako RCNSS klubean dabil entrenatzaile gisa.

Yoga tailerra

Saio bikoitza antolatu du Etumeta AEK euskaltegiak, maiatzaren 18rako. Lehenengoa goiz parterako, 10:00-12:00 artean, eta bigarrena, arratsalde parterako, 17:00-19:00 artean. Javier Merinok bideratuko duen tailerra, "ikasleentzako prestatuta badago ere, herriko beste edonork parte har dezake". Izena aurrez eman behar da, 607 609 379 telefono zenbakira deituta. Prezioa: 2 euro. Parte hartu asmo duzuenontzako oharra; “arropa erosoa eta esterila eraman behar dira saiora”.

Bokashi tailerra

Maiatzaren 21ean, goizeko 11:00etan hasita Usurbilgo Gaztetxean. Doako saioa izango da. "Bertan errautsa, ximorra, harri hautsa, hezur hautsa, lurra, orbela... dituen ongarri fermentatu bat egiten ikasiko dugu, gari edo arroz zaiarekin nahastuz fermentatzen den produktua da. Lorezaintzan, gure baratzan eta lurretan erabili ahal izango dugu”, berri eman dute antolatzaileek. Ohartarazi dutenez, “baten batek ongarri hau etxera eraman nahi izanez gero jarri harremanetan gurekin”. Honatx deitu beharreko telefono zenbakia: 608 566 683. Ekimen gehiago ere iragarri dituzte Gaztetxetik. “Gaztetxeak desalojo arriskuen aurrean gauzak egiten jarraituko du, beharrezkoa baita espazio irekiak egotea, autogestioan oinarritzen direnak. Ez dadila haria eten!", adierazi dute ohar bidez.

Erlezaintza ikastaroa

"Nukleoak egiten ikasi eta biderkatu zure erleak" erlezaintzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa antolatu du Alkartasuna Kooperatibak. Bi saio izango dira, maiatzaren 21ean eta 28an, 11:00-13:30 artean, Alkartasuna Kooperatiban. Julian Urkiola, hainbat urtez Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaria izandakoa eta erlezaintzan adituak bideratuko ditu. Ikastaroaren prezioa: 6 euro, Alkartasuna Kooperatibako bazkideek doan. Ikastarorako izena aurrez eman behar da, bideotatik:

Alkartasuna Kooperatiba; Atallu industrialdea, 26

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

"Sagastien udako kimaketa, gaitzak eta izurriteak"

Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloko hurrengo saioa, ekainaren 4an, 09:00-13:00 artean Potxoenean, Aitor Etxeandiak bideratuta. Hurrengo saioak:

-Uztailak 9: "Zuhaitzen udako edo begiko txertaketa".

-Irailak 10: "Sagarraren heldutasun analisiak eta etxean sagardoa egiteko hastapenak".

Informazio gehiagorako eta izen emateko: 

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

alkartasuna.eus

Antolatzailea: Alkartasuna Kooperatiba.

"Nordic Walking" edo Ipar Martxa

Bigarrenez Oiardo Kiroldegiak antolatu du saioa, maiatzaren 27rako 17:00-20:00 artean. "Ibiltzeko eta kirola egiteko beste era bat. Bi makilen laguntzaz egiten da, "alfa" izeneko teknika erabiliz, erritmoa du eta gorputzeko hainbat atal lantzen dira", berri eman dute antolatzaileek. Ikastarorako izena, Oiardo Kiroldegian eman beharko da. Prezioa: 15 euro bazkideek, 30 euro bazkide ez direnek. Makilak 5 eurotan alokatuko dira. Argibide gehiagorako: 943 372 498.

Negozioa hobetzeko aukera, doako tailerrean

Euskal Ganberek eta Eusko Jaurlaritzak merkatariei zuzendutako 45 tailer antolatu dituzte maiatza eta ekaina parterako, Euskal Merkataritzaren 18. Topaketaren baitan. Sektorea profesionalizatzea helburu izango duten tailerretako bat Usurbilen egingo da, maitzaren 31n, 14:30-16:30 artean, Potxoenean; “Berrestreinatu zure denda! Irabazi gehiago, negozioaz gozatuz” izenekoa. Gipuzkoako Bazkundeak bideratuko duen tailerrean, “oso modu ikusgarri eta praktikoan, saltokietan hobetzeko alderdiak irakatsiko ditugu; erakusleihoa, espazioaren antolaketa, produktuaren aurkezpena, irudia, mostradorea, finantza kudeaketa... berehala aplika daitezkeenak”. Doako saio honetan izen emateko eta informazio gehiagorako: camaragipuzkoa.com

KzGunea
, apirileko ikastaroak

-Maiatzak 12-23, 16:00-18:00: "Google aplikazioak zure kudeaketa pertsonalerako".

-Maiatzak 24, 16:00-18:00 "Youtube: Bideoak ikustea baino gehiago".

-Ekainak 1-14, 09:00-11:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".

-Ekainak 15-28, 09:00-11:00 "Ofimatika tresnak-LibreOffice".

-Ekainak 29, 09:00-11:00 "Twitter. Momentuan momentuko informazioa".

-Ekainak 30, 09:00-11:00 "Skype: Munduko edozein lekutara dohainik deitu".

-Uztailak 1-12, 16:00-18:00 "Komunikatu zaitez Sare Sozialen bitartez".

-Uztailak 13-22, 16:00-18:00 "Google aplikazioak zure kudeaketa pertsonalerako".

-Uztailak 26, 16:00-18:00 "Google Maps. Ibilbiderik onena arakatu eta aukeratu".

-Uztailak 27-29, 16:00-18:00 "LibreOffice Writer. Testu dokumentuak sortu aditu bat bezala".

Informazio gehiago: 943 023 684 / tutor.usurbil@kzgunea.net edo kzgunea.eus