"Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketaren irekiera, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 04:40

Askotan munduko txoko ezezagunenak bisitatzera joateko ehunka kilometro egiten baditugu ere, hemen, etxean bertan, ondare oso aberatsa dugu. Baina ez dugu ezagutzen. Dugunaz jabetu, ezagutu, zabaldu eta balorean jartzen laguntzera dator, "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa. Sagardoaren Lurraldeak Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalekin eta Donostiako Aquarium-ekin elkarlanean sustatutako erakusketa ibiltaria dugu honakoa. Hernanin izan zen ikusgai astebetez, apirila amaieran. Maiatzaren 13tik 22ra Usurbila izango dugu. Ostiral honetan inauguratuko da, 19:00etan Sutegiko aretoan. Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateak aurkezpena egin eta ondoren bisita gidatua egingo da erakusketan zehar, Lourdes Odriozola Sagardoetxeko historialariarekin.

"Erakusketa honetan gure ibaiek, Urumeak eta Oriak, sagardoaren inguruan, eta sagardoaren garraioan izandako garrantzia jaso da. Urte askotan, gure ibai hauek inguruko lurraldeetako bizitzaren antolakuntzan izan duten garrantzia", zioen Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, erakusketa udalerri hartan inauguratu zutenean. Oria eta Urumea ibaiek urte luzez gordetako sekretuak aireratzera datorren erakusketan, Usurbili loturiko erreferentzia bat baino gehiago aurkituko dugu.

Udal, probintzia eta estatuko artxiboetan eginiko ikerketen emaitza da "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" egitasmoa. Orain arte ezezagunak ziren hainbat datu interesgarri eta bitxien bilduma. Aipaturiko bi ibaiok, "komunikaziorako giltzarriak izan dira eta harreman ekonomikoak eta sozialak eratzeko erabili izan dira. Iraganean, ibaiak bizitza nahiz "aberastasunaren iturri" eta aintzinako "autobideak" izan ziren. Urumea eta Oria Gipuzkoako bi ibai nagusiak, "sagardo ibaiak" eta teknologikoki puntako guneak izan ziren aintzinan. Portu-instalazio eta zerbitzuak izan zituzten, beren ur bazterretan salerosketa gune ugari izan ziren eta asko izan ziren beren ur ertzetan gertatutako istorio harrigarri eta bitxiak. Esaterako: XVIII. mendeko langileen greba, Ergobiako bidesarian ordaindu behar zen tasa, itsasoa eta portuekin erlazionaturiko zenbait ogibidetan soldataren zati bat ordaintzeko sagardoa erabiltzea, Astigarragako alkate bizargina eta Murgiako Jaunen haserrea, Ignacio de Soroa untzigile usurbildar ospetsuaren amodio-kontuak...".

Erakusketa, herriz herri

-Usurbilen maiatzaren 13tik 22ra, Sutegi erakustaretoan: asteazkenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatean 12:00etik 13:30etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandean 12:00etik 13:30etara.

-Astigarragan irailean.

-2017. urtean, Donostiako Aquarium-ean.

Antolatzaileak: Sagardoaren Lurraldea; Usurbil, Hernani eta Astigarragako Udalak; Donostiako Aquarium-a.