Txorien txioak entzunez gozatzeko hitzordua, San Ixidro Egunez

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 14:30

Udaberri betean, mendira joan eta txoriak ikusi nahi izateko joera bada. Baina txioak entzunez askoz gehiago ikasi eta gozatu dezakegu. Horretara dator San Ixidro Egunez, Mikel Olano basozaina eta hegaztietan aditu eta zaletua. Txorien kantuei buruzko argibideak eskaini, baina batez ere, urte garai honetan etxe ondoan izan ohi dugun soinu bandaren aberastasun eta balioaz jabetuaraztera. Goiz pasa ederra egiteko aukera izango dugu. NOAUA! K.E.-k antolaturiko hitzordua, igande goizeko 10:00etan Saizar Sagardotegian abiatuko da.

Basozaina zara, aspaldikoa duzu hegaztiekiko zaletasuna.

Mikel Olano: Txikitatik izan dut hegaztien zaletasun hori, aspalditik baita ere Arantzadin ere aritzen naiz hegaztiekin. Bizi guztia hegaztiei lotua, bai lana bai afizioa. Konturatzen nintzen hegaztien behaketan, jende gehienak funtzionatzen zuela bistarekin. Nik eguneroko lanean belarriekin funtzionatzen dut. Hor bada jendeak ezagutzen ez duen mundu bat, soinuarena. Hegaztien informazioaren %90a entzumenak ematen digu.

Zein da igandeko saioaren helburua?

Helburua ez da jendeak txorien kantuak ezagutzea, geldirik jarri, soinuak entzuten egon eta inguruan soinu piloa dagoela konturatzea baizik. Jendea harritu egiten da, sekula ez delako jarri soinuak entzuten. Bioaniztasuna etxe ondoan dugu. Etxe ondoan daukaguna jendeari zer den erakusten saiatzen naiz. Gauza bat errespetatu edo maitatzeko, aurrez ezagutu beharra dago.

Ekitaldia bitan zatituko duzu; proiekzioa, eta entzumeneko saioa izango da?

Polita izaten da, bat batean kanpora joan, isildu eta soinuak entzuten jartzea, baina oso harrigarria. Horregatik, aldez aurretik soinuen mundua azalduko dugu, noiz entzuten diren txori gehiago kantatzen, zergatik abesten duten... Gero txori kantuak jartzen ditut. Jendeak orduan belarria prest jartzen du. Berotuta dagoela, orduan kanpora ateratzen gara. Helburua ez da etorri eta txorien kantak ikastea, soinuen mundu bat badela jabetzea baizik.

Txorien soinuak, informazio asko emango digu. Zer ezagutu dezakegu soinuen bidez?

Udaberrian, bereziki apirilean, txori arrek bere kabia non egin nahi duten adierazi, bere lurraldea aldarrikatu eta emeei deitzeko kantu territorialak deiturikoak abesten dituzte. Horiek kantu dotoreak, politak izaten dira. Zer informazio ematen duten? Habitat bakoitzean zer txori mota dagoen. Egunsentian parke, belaze, edo baso batera gerturatu. Lurrera begira jarri, eta entzun zer ari den abesten. Sentsazio hori ikaragarria da.

Egin dituzuen ikerketengatik, hainbat espezie babestu beharrean gaude?

Bai. Espezie bakoitza habitat mota bati lotua dago. Baso sailak nabarmen ugaritzen ari dira, eta aldiz, landazabala murrizten ari da, nekazaritza jarduera desagertzen ari den neurrian. Ondorioz, garai bateko belardi edo zelaiak eraldatzen ari dira. Eraldatze hori naturala da, ez da txarra berez. Hori da naturak berez dakarrena. Gipuzkoa bere ezaugarriengatik basolekua da. Garai batean eraldatutako zelai horiek guztiak berriro ari dira baso bihurtzen. Ondorioz, basoekin lotutako espezieak, ugaritzen ari dira, habitat mesedegarriagoa dutelako. Aldiz, landazabalarekin lotutako hainbat espezie, murrizten ari dira, bere habitata murrizten ari delako.

Bien arteko oreka litzateke egokiena, baina zaila?

Zer izango litzateke polita? Bien artean oreka bat mantendu, eta biei ondo eustea. Neure ustez erronka landazabalari eustea da. Basoa oso eratua eta hedatua dago. Ondo legoke landazabalari eustea, baina nahiko lan izango ditugu.

"Txori kantuak entzunez, gozatu egingo dugu"

Zer jarrerarekin joan behar dugu beraz, igandeko ekitaldira?

Igande goiza hartu, txori kantuak ikasiz gozatzeko. Hegaztiei buruz galdetu lasai. Nik ez dakit dena ezta gutxiago ere, baina dakidana azaltzen saiatuko naiz. Gero txori kantak entzunez, gozatu egingo dugu. Oso ondo pasatzen dugu.

Bisita gidatuak egin izan dituzu. Zein izan ohi da jendearen inpresioa?

Jende asko eta asko, harrituta geratzen da. Sekula ez dira jarri entzuten. Gero asko harritzen dira, kantatzen ari dena espezie bat edo beste dela esatean. Zorte pixka batekin prismatikoekin gainera ikusi egiten dira. Orduan mundiala izaten da.

Leku bera beste modu batean ezagutzeko aukera izango da?

Anaerrekan bertan, kotxea aparkatu eta bospasei espezie entzun ditut. Txoriak hor daude, gertatzen dena da naturarekiko geroz eta urrunago gaudela. Ez gara jabetzen. Beste mundu batean bizi gara, estralurtarren moduan. Ez gara jabetzen zer dugun aldamenean. Azkenean jabetu behar gara gu espezie bat gehiago garela, beste espezieak bezalaxe, espezie bat gehiago kate berean.

4. Sagastiak Loretan

Maiatzak 15, igandea

10:00 Mikel Olano, txorietan adituaren emanaldia Saizar sagardotegian.

Ondoren, taldea Anaerrekara txorien kantuak entzutera.

10:30 Pilota partidak (Usurbilgo lehen mailako txapelketako bi partida).

11:00 Herriko ekoizleen azoka irekiera trikitilariekin.

12:00 Meza Salbatore elizan.

12:30 Hamaiketakoa, Bordatxuriko oilaskoak (LumaGorri).

13:30 Bertso saioa: Amets Arzallus eta Elixabete Pagola.

14:30 Bertso-Bazkaria Saizar sagardotegian.

(Txartelak salgai Alkartasuna Kooperatiban eta NOAUA!n, maiatzak 11 arte. Prezioa: 30 €). Menua:

-Bakailao-tortilla.

-Bakailao frijitua piper berdeekin.

-Idi txuleta.

-Gazta, intxaurrak eta irasagarra.

-Teilak eta zigarrotxoak.

-Ura, sagardoa, ardoa eta kafea.

17:30 Herri kirolak: emakume eta gizon proba. Aizkora, trontza eta txinga lehiaketa.

18:00 Kalejira erraldoi eta buruhandien konpartsarekin.

Oharra: eguraldiaren arabera, goizeko ekitaldia herriko plazan edo Askatasuna plazan egin daiteke.

Antolatzailea: Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba.

Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Noaua! Kultur Elkartea eta LumaGorri.

Maiatzak 19, osteguna

11:00 Euskal Herriko Sagardoaren Ibilbide Turistikoaren aurkezpena Potxoenean.

Maiatzak 22, igandea: 35. Sagardo Eguna

10:30 “Sagardotegia, gure kolejiyua” kantatu zuen Udarregi bertsolariaren oroimenez Remigio mendiburuen eskultura jarri zela 50 urte gogoratzeko ekitaldia.

11:00 Potxoenea atarian duela 20 urte egindako Noaua!ko bazkideen argazkia berrituko dugu.

11:30 Asiera ekitaldia NOAUA!ren eskutik.

Goizean zehar, frontoian herriko baserritarrak eta beste sagardogileak izango dira, Dema plazan Gipuzkoako sagardogileen elkarteko postuak jarriko dira eta Askatasuna plazan Eusko Labelean sartuta dauden sagardoak dastatzeko aukera izango da. Pintxoak dastatzeko aukera ere izango da.

12:00-13:30 "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa Sutegiko erakustaretoan.

18:00-21:00 “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.

Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.

KARPA GUNEA

11:00 Txosnagunearen irekiera.

13:00 Presoen aldeko kalejira eta txotxa.

Eguerdira arte, talogileak.

15:30 Trikitilariak.

18:00 Dj Bull

23:00 Zaparra herriko taldearen kontzertua.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Antolatzailea: Ernai Usurbil.

Ekainak 4, larunbata

09:00-13:00 Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloko saioa Potxoenean: "Sagastien udako kimaketa, gaitzak eta izurriteak".

Bideratzailea: Aitor Etxeandia.

Hurrengo saioak:

-Uztailak 9: "Zuhaitzen udako edo begiko txertaketa".

-Irailak 10: "Sagarraren heldutasun analisiak eta etxean sagardoa egiteko hastapenak".

Informazio gehiagorako eta izen emateko:

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

alkartasuna.eus

Antolatzailea: Alkartasuna Kooperatiba.

Elkarlanean: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, NOAUA! Kultur Elkartea, Usurbilgo Sagastia E.M., Sagardoaren Unibertsitatea, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Bizi Sagardoa, Usurbilgo Udala.