4.000 errekurtsotik gora, erraustegiaren baimen bateratuaren aurka

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 17:37

Hasiera batean 1.038 aurkeztu zirela berri eman arren, azken unean Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari emandako erraustegiaren baimen bateratua baliogabetzea eskatzeko errekurtso gehiago aurkeztu ziren. Beste 29 bai behintzat Udaletik berri eman dutenez. Honenbestez guztiara, 1.067 errekurtso jaso ditu Usurbilgo Udalak, aipatu baimenaren aurka. Asteazkenera arteko tartea zegoen, errekurtsoak aurkezteko. Udalak bildutako guztiak Eusko Jaurlaritzara bideratu ditu.

Ia aintzakotzat hartzen dituzten. Ez bakarrik Usurbilen aurkezturikoak baita hemendik kanpokoak ere. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urgentziaz eginiko deialdiarekin bat egin baitu jende gehiagok ere. Usurbilen 1.067 errekurtso aurkeztu dira aipatu moduan. Horietako bat Udalak berak aurkeztu du. Zubietan 234. Eta gehiago ere bai, beste hainbat herrietan ere.

Aipatu mugimenduak ezagutzera emandako datuen arabera, 4.000 errekurtsotik gora aurkeztu dira. "Norbanakoek beraien kabuz erregistratuak, gainera, zenbatezinak dira. Beste aldetik, 20 bat udalek eta hainbat elkartek ere helegite administratiboa sartu dutela jakin izan dugu. Izan ere, atzo Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen delegaritza kolapsatu egin zen errekurtsoen erregistroa zela eta", adierazi dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.

"Jaurlaritzaren eta Diputazioaren ezkutukeriak kontrako efektua eragin du"

Asteburuan eginiko deialdiak izan duen harrera ikusita argi diote errekurtsoak jartzera deitu zutenek; Jaurlaritzak eta Aldundiak ezkutatu nahi zuten baimenaren tramitazioa ez da isilpean pasa. "Eusko Jaurlaritzak pasa den apirilaren 11n luzatu zuen 2010eko baimena, proiektuan aldaketa nabarmenik ez dagoela ebatziz. Aipatu behar da Eusko Jaurlaritzak ez zuela baimenaren berri eman, errekurtsoa jartzeko epea inor enteratu gabe pasatzeko asmoarekin. Zuzen-zuzenean eragindako udalei ere (Lasarte, kasu) ez die abisatu. Hala ere, azkenean ezin izan dute ezkutatu eta sartu diren errekurtso kopurua ikusita, Eusko Jaurlaritzaren eta Diputazioaren ezkutukeriak kontrako efektua eragin du", dio Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.

Errekurtsoak aurkezteko deialdiak izan duen erantzuna ikusita, pozik dira. "Zorionak egun hauetan errekurtsoa jartzeko sinadurak biltzen aritu zareten guztioi eta sinatu duzuenoi! Erraustegia geratzea lortuko dugu!", adierazi dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik. Haien esanetan, hiru egunetan aurkeztu diren milaka helegiteek argi erakusten dute, "gero eta gehiago garela erraustegiaren aurka jarrera aktiboa hartzen ari garenok. Maiatzaren 29an Donostian egingo dugun giza-katean ere nabarituko delakoan gaude. Hau da bidea, denon artean lortuko dugu! Eta ez ahantzi: burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi".

Errekurtsoen arrakasta zenbakitan

Hona hemen adibide moduan, bi egun pasatxoko tartean aurkeztu diren errekurtso kopuruari lotuta, ezagutzera eman dituzten datuok:

Usurbil:1067

Lasarte:575

Hernani:500

Astigarraga:151

Andoain:201

Gasteizeko kanpusean:300

Urnieta:40

Usandizaga Donostia:25

Tolosa: 180

Ibarran: 25

Anoeta: 80

Zubieta:327

Legazpi:137

Deba: 20

Aiztondo:100

Arrasate:160

Eskoriatza:5

Bergara:12

Elgeta:7

Oñati:105

Errekurtsoaren edukia:

Zer eskatzen dugu?

LEHENA 2010eko apirilaren 23ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresak Donostiako udalerrian sustatutako hondakinen baliotze energetikoaren proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren aldeko adierazpena egin eta Ingurumenaren baimen bateratua eman zitzaion.

BIGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresari Donostiako udalerrian hondakinen baliotze energetikorako emandako Ingurumenaren baimen bateratua aldatu egin zen.

HIRUGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpena eman zenerako proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eta Ingurumenaren baimen bateratua iraungita zeuden.

ESKATZEN DUGU: Idazki hau aurkeztutzat hartu ondoren, emandako ebazpen horren aurka BERRAZTERTZEKO ERREKURTSOA aurkeztutzat har dezala, eta ebazpen hori baliogabetzeko.

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 13, ostirala

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

Oharra: giza-katerako izen emateko aukera, astelehenetik ostiralera, NOAUA!ko egoitzan. Eta noiznahi, erraustuez.org atarian.

Maiatzak 14, larunbata

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:30tik aurrera, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 15, igandea

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:00-14:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

Maiatzak 21, larunbata

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak. 

Goizean, maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Arratsaldean, GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.