Zubietako Kaxkapen eta Sutegin asteburuan, maiatzaren 29ko giza-katerako izen emate mahaiak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 10:00

Bi aste pasatxo baino ez, maiatzaren 29rako osasunaren alde eta erraustegiaren aurka antolatu den giza-katerako. Izen emateko aukera duzue asteburuan borondatearen truke, Zubietako Kaxkapen eta Sutegi ondoan jarriko diren mahaietan. Bertan, giza-katerako konpromiso txartela eskuratu ahalko duzue. Baita astelehenetik ostiralera, NOAUA! K.E.-ko egoitzan ere. Eta noiznahi, erraustuez.org atarian sartuta. Gutxienez 400 usurbildar behar dira udalerri honi dagokion giza-kate zatia osatzeko. 250 herritarrek konpromiso-txartela badute jada. "Hartu zurea azkar!" luzatu dute gonbita, Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldetik.

Bestalde, gogoan izan; larunbatean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean aurkeztu zuten  GuraSOS mugimenduaren manifestua sinatu dezakezue gurasos.org atarian sartuta.

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 13, ostirala

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

Oharra: giza-katerako izen emateko aukera, astelehenetik ostiralera, NOAUA!ko egoitzan. Eta noiznahi, erraustuez.org atarian.

Maiatzak 14, larunbata

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:30tik aurrera, Usurbilgo Sutegi ondoan jarriko duten mahaian.

17:00-19:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 15, igandea

Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea:

12:00-14:00 Zubietako Kaxkape egoitzan jarriko duten mahaian.

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

19:00etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Maiatzak 21, larunbata

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak.

12:30tik aurrera, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Goizean, maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Arratsaldean, GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.