Erraustegiaren aurkako 225.000 esku-orri banatuko dituzte asteburuan, Gipuzkoa osoan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 09:55

600 boluntario baino gehiago mobilizatuko ditu asteburuan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Gipuzkoa osoko postontzietan 225.000 esku-orri banatzeko. Esku-orriak prest dira herri guztietan. Boluntarioak ere bai. Honenbestez, "dena prest dago herrialdeko buzoi guztietara iristeko", prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez. "Asteburu honetan Gipuzkoako etxe guztietara iritsiko gara gipuzkoar guztion osasunaren eta patrikaren kontra doan egitasmo hau gelditu daitekeela eta geldituko dugula ozen adierazteko", iragarri dute ekimen honen sustatzaileek.

Usurbilen ere lanotarako taldea osatu da. "Usurbilen ere hainbat herritarrek buzonaketan parte hartuko dute, talde bat Usurbilen laguntzen arituko da eta beste talde bat Donostira joango da, donostiarrei laguntzera", berri eman dute. Halere laguntzaile gehiagoren parte hartzea eskertuko luke Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Ekimen honetan parte hartu nahi duenak, jo dezala bere herriko Erraustegiaren Aurkako Asanbladara, edo bestela Donostiako hitzordura ager dadila: larunbatean, 14an, 9:00etan, Ilarraberri kalean (Ibaetan, Aratz jatetxearen ondoan)", ohartarazi dute.

Erraustegia eraiki nahi dutenek ezkutatu nahian dabiltzan errealitatea azalerazi nahi da ekimen honekin. "Mobilizazio zabal honen bitartez, erraustegiaren arduradun politikoei mezu argi bat bidali nahi diegu: komunikabide handietan, publiko zein pribatuetan, ezarria duten kontrol informatiboaren gainetik, ezkutatu nahi dituzten egiak Gipuzkoako txoko guztietaraino eramango ditugu. Beraiek herritarrei ezkutatzen dietena azalarazteko gai garela demostratuko dugu. Batzuek entzun nahi ez dituzten egiak eta ebidentziak herritar guztiengana, banan-bana, iritsiko dira", adierazi dute.

3 mezu

Gipuzkoarron osasun eta ekonomiarako erraustegiak dakartzan kalteez ohartarazi nahi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, asteburuan herrialde osoan banatuko dituen esku-orrien bidez. Zabortegiak ez direla konponbidea berretsiko dute. Eta, "bide batez, maiatzaren 29rako antolatu den giza-katearen deialdia gogoratuko dugu. Jakina den bezala, giza-kate batek Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuko ditu eta esku-orri honen bitartez ere gipuzkoar guztioi parte hartzeko deia egingo diegu". 3 mezu nabarmenduko dituzte, gipuzkoar guztien eskuetara helduko diren esku-orriekin:

-Erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da. Erraustegiaren inguruan minbizi kasu gehiago pairatzeko arriskua frogatu da. Dozenaka ikerketa daude, baina bat aipatzearren: Carlos III Unibertsitatea (2013). Minbiziak ez du bereizketarik egiten ez klase sozial, arraza edo sexuen artean, ezta alderdi politikoen boto-emaileen artean ere.

-Gipuzkoan inoiz egon den lapurreta ekonomiko handienaren aurrean gaude. Izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu ditu erraustegiaren kostuak. Hasieran 300 milioi euro kostua izango zuela iragarri arren, orain jakin ahal izan dugu kopuru hori 1.200 miliotara iritsiko dela. Eta horietatik %10, “garbi”, enpresa pribatu baten akzionistek eramango dute. Eta zeinek ordainduko du? Herritarrok, gure tasen eta zergen bitartez. Hau onartezina da!

-Zabortegiak ez dira konponbidea. Ez Epelen, ez Lapatxen, ezta Kantabrian ere. Soluzioa gero eta hondakin gutxiago sortzea da, ahalik eta baliabide gehienak berreskuratzea eta bakoitzak bere etxean hondakinak berezituak jasotzea. Badaude herri eta eskualde asko Gipuzkoan hori dena egitea posible dela demostratzen ari direnak, udalean alderdi politiko bat edo bestea egon (Debagoiena, adibidez).