Etxeko ekoizleen azoka, San Ixidro Egunez

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 15:38

Herriko ekoizleen azokara gerturatu eta etxean egiten dutena ezagutzeko aukera aparta izango da igande honetan, San Ixidro Egunez. Plazara datozen bi ekoizlerekin bildu gara, azoka bezpera hauetan. Santueneko erriberan Arrospide Barazkiak-eko Mirotz Arrospiderekin, eta Hor Goiko Arrautzak-eko Aitziber Elortzarekin.

Mirotz Arrospide

Arrospide barazkiak

Zuena, familia negozio gisa definitu genezake?

Mirotz Arrospide: Bakarrik ibiltzen naiz. Maisua aita izan da, dena irakatsi didana. Nagusia beti bera izango da. Kasu egin behar zaio, lege zaharrekoak dira, asko dakite. 20 bat urte daramatza. Ni gaztetxoa nintzela hasi nintzen. 3 bat urte dira honetatik bizi naizela.

Nolatan erabaki zenuen lan honetatik bizitzea?

Gasolindegian eta baratzean nebilen aldi berean. Erre samar. Bat edo beste aukeratu behar, gasolindegian segitzeko bermerik ez eta, gustuko nuenez, baratzatik bizitzea erabaki nuen, segida emateko.

Hartutako erabakiarekin asmatu zenuela esan daiteke?

Bai. Gogorra da, baina gustura nabil eta horrek asko balio du. Apustua egina da, ez dago atzera bueltarik.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Goizean 5:00-5:30ak aldera jaiki. Goizean zehar, banaketak egiten ditut. Eguerdian mokadu bat egin etxean. Batzuetan siesta, oso nekatuta bagaude, edo bestela giro bada, segituan iluntzera arte baratzera.

Zer moduzkoa duzue aurtengo ekoizpena?

Ondo doa. Udaberria oraingoz nahiko ona ari da egiten. Negua nahiko epela izan da. Beldurra dugu, izotza ez badu egiten, horrek izurrite eta gaitz asko ekartzen ditu uda aldera.

Zer produktu ekoizten dituzue?

Bi ekoizpen lerro ditugu. Batetik mikrobarazkienak; azenario oso txikiak, tipulina more eta txuria txikiak, baratxuri fresko txikiak, porru txikiak... Horiek jatetxe onetara eramaten ditugu. Bestalde, lore eta kimuekin hasi gara orain lan asko egiten. Horrez gain, betiko baratza dugu; tomatea, piperra, letxugak, porrua, azenario handiak, artoa, babarruna... denetarik.

Herritar nahiz turistek dastatzen dute zuen uzta.

Bezeroen artean, Usurbilgo Txalaka denda eta jatetxe pare bat ditugu. Eta gero Martin Berasategi, Mugaritz, Mirador de Ulia, edota Donostiako Alde Zaharreko Urola edota Fuego Negro jatetxeak. Lan dezente egiten dugu guztiokin.

Marka ezagun hauek, tokiko produktuen aldeko apustua egiten ari dira beraz.

Hemengo produktuen alde asko egiten dute. Beti esaten digute, niri hemengoa ekarri. Prezioa berdin zait, baina ona ekarri. Bertakoa, zuena. Gaur bildu eta ordu erdira jatetxean izatea nahi izaten dute, exijenteak dira. Onena da, bezeroengana geronek eramaten ditugula produktuak. Ez dago bitartekaririk. Salmenta zuzena da eta horrek asko egiten du.

Baratzak ematen du bizitzeko lain?

Bizitzeko lain ematen du. Baina lan orduak ezin dira zenbatu, ordu asko dira. Oporrik ez dago.

Zer iruditzen zaizu San Ixidro Eguneko azokarako, etxeko ekoizleen alde egin den apustuak?

Oso ondo iruditzen zait, jendeak behintzat ikus dezala zer egiten dugun. Nik ordea beste data bat proposatuko nuke; jada baratzan gauza gehiago egoten den garai bat, uztaila, abuztua edo iraila.

Zer ikusiko dugu zuen postuan?

Gehienbat, ekoizten ditugun barazki txikiak. Ikusi nahi dutenek zer egiten den herrian, azaldu daitezela San Ixidro Egunez, Usurbilgo plazara. Han izango gara.

Baratzei eusten ari zaie inguruotan?

Bai, nahiko gazte dabil baratzean. Segida ikusten dut. Urteek esango dute, ia zenbat jasatzen dugun. Bide batez, errioa saneatu beharra dagoela esan nahi nuke. Horren beharra dago hemen.

Aitziber Elortza

Han Goiko Arrautzak

Zuen lan jarduna, familia negozioa duzue?

Berez Jexux Agirresaroberen izenean dago negozioa, baina familia guztiak daramagu dena, laguntza behar baita. Oilategia dugu eta hori Jexuxek darama. Horrez gain, gero neroni ari naiz lan ordu gehiago sartuz, arrautzatik eratorritako beste produktu batzuk lantzen; adibidez, bizkotxoak, flanak... Horiek denak pixkanaka merkaturatzen ari gara. Egurrezko labe txiki bat badugu eta horrek ere gainbalio bat ematen dio produktuari.

Oilategiko egitasmoak non du abiapuntua?

Guk berez lur pusketa bat bagenuen. Ez handia. Jexux une jakin batean lanean ez zebilen batere ondo. Lur eremua genuenez, kontsumo kooperatibak sortu ziren eta haren bidez bileretara joanez hasi ginen. Ekoizleak behar zirela eta lurra genuenez, Jexux hasi zen probatzen. Probatuz ondo joan da, lana gogor eginez emaitzak jaso ditugu eta hor gaude. Azkenean salto handi bat eman genuen, kontsumo kooperatiba batetik era profesional batean lan egitera. Lau oilorekin hasi ginen. Gero 50-100 izatera pasa ginen. 500-750 oilo izatera heldu gara. Era ekologikoan lan egiten dugu. Elikagaiak bakarrik ez, bide batez, ingurugiroa ere zaintzen laguntzen dugu.

Apustu honen alde egitea zaila izan zen?

Kosta egiten da erabakia hartzea. Pixkanaka erabakiak hartzen joan behar izan genuen. Denbora guztian bidegurutze piloa genuen eta horietan erabakiak hartu behar ziren. Oso gogorra egiten da erabaki horiek hartzea, ez baitakizu benetan zerekin topo egingo duzun. Estropozu egiten duzu hamar mila gauzekin, ikasi ere bai. Arreta handia jarri behar da. Egia da oztopo horiek gainditzen jakin egin behar dela, eta ez gaudela ohituta gizarte honetan oztopo horiek gainditzera.

Bizimodu aldaketa eragingo zizuen?

Ezin dugu oporretara joan. Eguneroko lana dugu. Gainera, beste baten eskuetan jarriz gero, zapuztu egiten da. Oso konplexua da. Oso esker oneko lana da, oso goxoa, baina jakin egin behar da bizitzen.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Goizean goizetik, lehenbailehen joan behar izaten da gora. Arrautzak bildu, oiloei kasu egin, nola dauden ikusi, ura eman, garbitu, txukun daudela ikusi. Arrautz horiek sailkatu. Arratsaldean, jaten eman, berriz ere ikusi ondo dauden, hurrengo egunerako dena ondo utzi. Bitarte horietan arrautzak sailkatu, saltzeko banatu.

Lan handia.

Bai, baina gustura egiten dugu. Lan ikaragarria baina batez ere oso lotua. Nik uste gizarte honetan lotura hori ez dagoela ondo ikusia. Ez dago jai egunik, kakotxa artean. Hori onartzea kostatzen da. Baina ohitu egin gara.

Ekoizpenari irteera nola bilatu diozue?

Asko kostatzen da irteera hori bideratzea. Europa mailan garrantzia askoz handiagoa ematen zaio nekazaritzari, orduan askoz erraztuagoa dago dena. Hemen kosta egiten da onarpen hori eta batez ere kalitatearekin ari garenean lehiatzen. Merkatuan kontzientzia hori sartzea ez dago batere landua. Baina askotan produktuok probatzen ez direlako, probatuz gero ohitu eta genero ona jatera ohitzen zara. Gero kosta egiten da bestera bueltatzera.

Kalitatea geroz eta gehiago eskatzen da?

Bai. Pixkanaka zabaltzen doa kalitatearen kontua, bertakoa izatea, animaliak ondo zainduta egotearen balorea. Guk nahiago izaten dugu ahal den gehiena bertan saldu, eta gertutasun horri garrantzia eman.

Kontzientzia lantzeko, ze gabezia daude?

Gabezia asko. Goitik asko landu beharko litzateke. Baserriak ez luke laguntzetatik bizi behar. Bizi beharko luke normaltasunez, lantegi baten moduan. Baserriari, gertutasunari bere balorea eman beharko litzaioke. Lur asko dago Usurbilen eta inguruetan, eta alferrik galtzen ari gara. Askotan zementuz josten ditugu eta horrek ez du jaten ematen. Krisiaren aurrean dagoen alternatiba indartsuenetako bat da lurra. Lana egin nahi duenak alternatiba piloa du baserri munduan.

San Ixidro Eguneko azokan izango zarete. Zer aurkituko dugu zuen postuan?

Arrautzak eta arrautzetatik eratorritako produktuak; bizkotxoak, flanak. Kuriositatea sortu, ezagutu eta gai hauekiko jakinmina eta kontzientzia lantzeko aukera izango da. Oso kontzientzia gutxi dago oro har. Askoz gehiago landu daiteke. Asko hitz egiten da, egin gutxi. Azoka horrekin hau guztia landu nahi da.