Erraustegiari buruzko herri galdeketa egitea debekatu du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 13a, 18:17

Ostiralero egin ohi duen bilkuran, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, erraustegiari buruzko herri galdeketa ospatzea debekatu du. Gogoan izan, Usurbilgo Udalak galdeketa antolatzeko baimena eskatu ziola duela bi hilabete. Erantzunaren zain zen Udala, baita galdeketa antolatzea eskatzeko azaroan osatu eta berehala, urtarrilera arte sinadurak biltzen aritu zen Erraustegia Erabakia herri plataforma ere. Gogoan izan, tarte horretan, herri galdeketa antolatzea eskatzeko 1.185 herritarren atxikimenduak bildu zituzten.

Ostiral honetan eman du ezagutzera erabakia, Espainiako Gobernuak; ezezkoa eman du, Zubietan eraiki nahi diguten erraustegiari buruzko iritzia ematea ez duela baimentzen.

"Herri kontsultara eraman nahi den gaiak udal eremua gainditzen du"

Ministroen Kontseiluak Usurbilgo Udalak eginiko eskaerari erderaz erantzun dio noski, web bidez. Honatx erraustegiaren inguruan galdeketa egiteko debekuaz, Espainiako Gobernuko Ogasun eta Administrazio Publikoko Ministerioak adierazi duena:

"Ministroen Kontseiluak Usurbilgo Udalari hurrengo galdera hau duen udalerriko hiri hondakinak tratatzeko erraustegiari buruzko galdeketa ez baimentzea erabaki du: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustea egoki iruditzen al zaizu?".

Udal Erregimeneko Oinarrien lege arautzaileak aitortzen die herritarrei herri galdeketa eskatzen duten eskubidea, baina kasu honetan guztiz betetzen ez diren baldintza batzuk finkatzen dira. Herri galdeketaren xedea udal eskumeneko kontua da eta herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak tratatzen ditu, baina ez du udal izaera.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta zenbait mankomunitateren arteko lankidetza hitzarmenak herrialdeko hiri hondakinen kudeaketa definitzen du. Usurbil barne hartzen duen San Marko Mankomunitateko estatutuek, euren xedea herrietako zabor eta hondakinen tratamendua edota ezabatzea dela zehazten dute.

Beraz, hondakinen tratamendua udal eskumenekoa den arren, egun eskumen hau ez dute baliatzen Gipuzkoako udalerriek zuzenki, 2007. urtetik, herrialdeko mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundia biltzen dituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa arduratzen da horretaz. Arrazoi honengatik, herri kontsultara eraman nahi den gaiak udal eremua gainditzen du".