Erronka bete dute, erraustegiaren aurkako mezua Gipuzkoa osora zabaldu da

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 16a, 11:30

200.000 eskuorri baino gehiago banatu nahi zituzten asteburuan. Gutxienez 600 boluntario ere bazituzten, eta herritar gehiago animatzen zituzten laguntzera. Azkenean, aurreikuspen guztiak gainditu ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Gipuzkoa osoan 200.000 eskuorritik gora banatzeko asteburu honetarako iragarria zuen banaketa masiboak.

Antolatzaileek berri eman dutenez, "200.000 informazio-orri inguru buzoneatu ditu lauzpabost orduren buruan, Gipuzkoako herri gehientsuenetan. Erronka asteburuan egitea zen, baina une honetan lasai asko esan daiteke dagoneko gaindituta dagoela. Izan ere, antolatzaileek aurreikusi zuten langintza honetan 600 boluntario beharko zirela, baina goizeko lehen ordutik beretik kopuru hori erraz gainditu da". Horren erakusgarri, Lasartetik bidali diguten ondoko irudia. Eskuorria jaso ez duenak, erraustuez.org atarian eskura dezake.

3 mezu

Erraustegia eraiki nahi dutenek ezkutatu nahian dabiltzan errealitatea azalerazi nahi izan da ekimen honekin. "Mobilizazio zabal honen bitartez, erraustegiaren arduradun politikoei mezu argi bat bidali nahi diegu: komunikabide handietan, publiko zein pribatuetan, ezarria duten kontrol informatiboaren gainetik, ezkutatu nahi dituzten egiak Gipuzkoako txoko guztietaraino eramango ditugu. Beraiek herritarrei ezkutatzen dietena azalarazteko gai garela demostratuko dugu. Batzuek entzun nahi ez dituzten egiak eta ebidentziak herritar guztiengana, banan-bana, iritsiko dira", adierazi dute.

Gipuzkoarron osasun eta ekonomiarako erraustegiak dakartzan kalteez ohartarazi nahi izan du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, asteburuan herrialde osoan banatu dituzten esku-orrien bidez. Zabortegiak ez direla konponbidea berretsi nahi izan dute. Eta, "bide batez, maiatzaren 29rako antolatu den giza-katearen deialdia gogoratuko dugu. Jakina den bezala, giza-kate batek Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuko ditu eta esku-orri honen bitartez ere gipuzkoar guztioi parte hartzeko deia egingo diegu". 3 mezu nabarmenduko dituzte, gipuzkoar guztien eskuetara heldu diren esku-orriekin:

-Erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da. Erraustegiaren inguruan minbizi kasu gehiago pairatzeko arriskua frogatu da. Dozenaka ikerketa daude, baina bat aipatzearren: Carlos III Unibertsitatea (2013). Minbiziak ez du bereizketarik egiten ez klase sozial, arraza edo sexuen artean, ezta alderdi politikoen boto-emaileen artean ere.

-Gipuzkoan inoiz egon den lapurreta ekonomiko handienaren aurrean gaude. Izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu ditu erraustegiaren kostuak. Hasieran 300 milioi euro kostua izango zuela iragarri arren, orain jakin ahal izan dugu kopuru hori 1.200 miliotara iritsiko dela. Eta horietatik %10, “garbi”, enpresa pribatu baten akzionistek eramango dute. Eta zeinek ordainduko du? Herritarrok, gure tasen eta zergen bitartez. Hau onartezina da!

-Zabortegiak ez dira konponbidea. Ez Epelen, ez Lapatxen, ezta Kantabrian ere. Soluzioa gero eta hondakin gutxiago sortzea da, ahalik eta baliabide gehienak berreskuratzea eta bakoitzak bere etxean hondakinak berezituak jasotzea. Badaude herri eta eskualde asko Gipuzkoan hori dena egitea posible dela demostratzen ari direnak, udalean alderdi politiko bat edo bestea egon (Debagoiena, adibidez).

Erraustegiaren aurkako agenda

 

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

19:00etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Maiatzak 21, larunbata

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak.

12:30tik aurrera, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Goizean, maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Arratsaldean, GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.