2.189 atxikimendu bildu ditu jada, GuraSOS-en manifestuak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 16a, 11:45

"Gure seme-alaben osasuna babestu nahi dugu. Sinatu gure manifestua!", hortxe GuraSOS mugimendua azken egunotan egiten ari den deialdia. Maiatzaren 7an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean aurkeztu zen erraustegiaren aurkako guraso taldeak manifestu bat landu du, "gure kezka eta nahiak azalduz". Guraso eta seme-alaben osasunean erraustegiak izango lukeen eraginarekiko kezka agertzen dute bertan, eta hondakinen arazoa konpontzeko  "gizarte eta haren ordezkariak ados jar daitezela" eskatzen dute. Beti ere, "inoren osasuna arriskuan jarri gabe".

Manifestu honen aldeko atxikimendu bilketa abian dute; 2.189 sinadura batu dituzte jada. "Sinatzera gonbidatzen zaitugu! Zuen (zure) laguntza behar dugu!", adierazi dute. Jasotako atxikimendu guztiak gero, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori helarazteko asmoa du GuraSOS mugimenduak, "zera eskatzeko: osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako, eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituz, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu!". Manifestua gurasos.org atarian sartuta sinatu dezakezue. Albiste honi atxikitako bideoan aurkeztu dute manifestuaren edukia. Hala dio hitzez hitz:

Gure txikitxo maitea,

☐Ama, ☐Aita, ☐Amona, ☐Aitona, ☐Izeba, ☐Osaba ☐ Herrikide bat   naiz.

Begira, ez zaitut larritu nahi, baina, entzun mesedez, arretaz, esango dizudanak merezi du-eta.

Hortxe, Zubietan bertan, Errealak entrenatzen duen lekutik oso gertu, Erraustegia egiteko asmoa dute, bertan zaborra eta hainbat hondakin erretzeko. Bertatik aterako den kea arriskutsua izan daiteke osasunerako. Bai, halaxe da, igarri duzu, ezta? Kezkatuta nago, bai, eta batik bat zuengan, haurrongan, oraindik hazten, garatzen eta osatzen ari zaretenongan sor ditzakeen eraginengatik.

Kezkatuta nago eta ezinegonik:

Erraustegiaren kokalekua bizi garen lekutik oso hurbil dagoelako (15-20 kilometroko eremuaren barruan).

Erraustegiaren kokalekutik hurbil dauden lurretan landatutako barazkiak eta fruituak jaten dituzulako, edo eta, belardi horietan elikatzen diren abereen haragia eta bestelakoak jaten dituzulako.

Horren ondorioz kutsatuko den itsasoan bainatuko zarelako.

Edota, nahiz eta gure bizilekutik urrun egon, ez nukeelako nahi inoren haurrek ondorio kaltegarri horiek jasaterik. Nire haurrentzat nahi ez dudana, inoren haurrentzat ere nahi ez dudalako.

Horregatik, lehenbailehen, zerbait egin behar dudala pentsatu dut: arrisku horretatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut!! Ez dut onartuko, inondik inora ere, haurren osasuna arriskuan jartzerik! Ez nioke, inolaz ere, nire buruari barkatuko, nire esku dagoen guztia egiten ez badut, gutxi bada ere.

Erabaki dut beste guraso, aitona-amona eta senideekin batera bilduko naizela eta denok batera, elkarrekin, lan egingo dugula, erraustegiaren arriskua gainetik kentzeko.

Zaude ziur: begiratu bi begietara, sinets iezadazu, ez dizut hutsik egingo! Erraustegiaren proiektua geldiarazten saiatuko naiz!

Badakit, gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogula denen artean, posible delako, gizarteak eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jarri nahi badute behintzat, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe!