Erraustegiak osasunerako dakartzan arriskuez ohartarazteko jardunaldiak datorren asteburuan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 16a, 03:37

Ingurumenerako eta gipuzkoarron ekonomiarako ekarriko dituen kalteez gain, kezka handia da Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak herritarren osasunerako ekar ditzakeen kalteak direla eta. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak azken hilabeteotan sarritan gogorarazi digu, nazioartean azken urteotan egin diren ospe handiko hainbat ikerketetako datuetan oinarrituta, erraustegiaren eta gaixotasun eta hilkortasun tasa areagotzearen artean, ebidentzia argiak daudela.

Seme-alaben osasuna babesteko, eta gai honek sortu duen kezkak, guraso mugimendu bat sortzea ekarri du; GuraSOS. Jada gurasos.org atarian sina dezakezue landu eta argitara eman duten manifestua. Baina honez gain, zabalkunde zientifiko eta elkarrizketa sozialerako jardunaldia ere antolatu dute larunbat arratsalde honetarako, maiatzaren 21erako, 16:00etan Orona-Ideo Fundazioa eraikinean, Galarreta-Hernanin. "Bertan, erraustegiek gure osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa (objektiboa eta frogatua) jasotzeko aukera eskaintzea da gure helburua, zientzialari eta medikuen eskutik, eta nola ez, bizipen pertsonalei ere tartetxo bat eskainiz", iragarri dute. Ekimen honetan inplikatu nahi dituzte baita, Gipuzkoako eskola, hezkuntza-eta osasun komunitateak ere. "Horregatik, besteak beste, familiez gain, gonbidapen zuzena egingo diegu "eragin-eremuan" dauden ikastetxeetatik hasi eta Gipuzkoako ikastetxe guztiei, eta baita osasunaren inguruan zeresana duten profesionalei ere".

Minbizia gertutik bizi izan dutenen lekukotzak

GuraSOS mugimenduarekin bezala, erraustegiak osasunerako dakartzan kalteez ohartaraziko digute baita, minbizia gertutik bizi izan duten usurbildarrek ere. Minbizia izan edo dutenentzako, haien senideentzat baita osasun munduko profesionalentzako jardunaldia antolatu da ostiral honetarako, maiatzak 20, 18:00etan Potxoenean. Gai honen inguruan egiten ari diren lanketa ezagutzera emango dute bi usurbildarrek. Baina bertaratuko direnen ekarpenak ere bildu nahi dituzte, eta taldea osatzen joan.

Beraiek hain zuzen, biharamunerako, maiatzaren 21erako Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka salaketa aurkeztu zuen gaixo talde bateko bi kide gonbidatu dituzte Lasarte-Oriako kultur etxera. Gogoan izan, gaixo talde honek erraustegi hartako kudeatzaileen aurka aurkezturiko salaketa tramitera onartua duela epaitegi batek. Haien lekukotzak ezagutzeko aukera izango da larunbatean Lasarten.

Giza-katerako izen emate kopuruak gorantz

Jardunaldi guztiokin batera, ez ahaztu osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea antolatu duela Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, maiatzaren 29rako Donostiako Onkologikotik Foru Aldundiko egoitzara. Asteotan bai Zubietako Kaxkapen eta Sutegin izen emate mahai bana jarri dute. Azken egunotan, gorantz egin du nabarmen giza-katerako konpromiso txartela hartzera bertaratu diren herritarren kopuruak. Gogoratu, gutxienez 400 usurbildar behar direla, udalerri honi dagokion giza-kate zatia osatzeko. Asteburu honetan, 350 laguneko izen emate kopurua gainditu da. Datorren ostiral eta larunbatean, Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak mahaia jarriko du berriz, Sutegi atarian.

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

19:00etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Maiatzak 21, larunbata

AHT eta proiektu txikitzaileen aurkako Txirrinka

11:00 Anbulategiko aparkalekura gerturatu Txirrinkan parte hartu nahi duzuen guztiak. Deialdi irekia!

11:50 Urbileko gasolindegi ondoko bidegorria hasten/amaitzen den lekuan, usurbildarrok ongietorria emango diogu Txirrinkari.

12:00 Txirrinkari ongietorria emateko Zubietako plazara bizikletekin gerturatzeko deia egiten diegu zubietarrei. Bertan, erraustegiaren auzia salatzeko flashmoba dantzatuko dugu!

Ondoren geldialdia, hitz batzuk eta hamaiketakoa egiteko aukera.

12:30 Lasartearrak Txirrinkara batuko dira Zubietan, eta Lasarte-Orian EuskoTreneko errotondan erreleboa pasako diegu.

Ondoren, Hernanira abiatuko dira.

Oharra: kaskoa eramatea beharrezkoa da.

Informazio gehiago: ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzaileak: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea eta Zubieta Lantzen Erraustegiaren Aurkako Taldea.

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak.

12:30tik aurrera, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

16:00 GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Zabalkunde zientifiko eta elkarrizketa sozialerako jardunaldia. Erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondorioak. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.