Iaz garai honetan iragarri genizuen. Urte luzez, Sagardo Egun, Artisautza edo San Tomas Azoketan, baita beste hainbat ekimenetan ere, muxutruk talo eder askoak gogotsu prestatzen aritu izan den taldea desegitera zihoala. Iazkoa izango zela lanean jardungo zuten azken Sagardo Eguna. Bide batez, taldeari segida emateko prest zeudenei Mikel Laboa plazako karpa azpira gerturatzeko gonbita luzatzen zieten festa egun handian.
Aldaketekin, lehengo kide batzuek segita, bidelagun berriak batuta, taldeari eutsi diote azkenean. Igande honetan bueltan izango dira, Ernai Usurbilek Mikel Laboa plazan altxatako txosnagunean aurkituko dituzue. 11:00etan irekiko dute karpa. Eguerdi partera arte ariko dira taloak prestatzen. Euren lan jarduna ezagutu eta mimo handiz prestaturiko jatekoa dastatzeko aukera bikaina izango dugu sagardo tragoxka eta tragoxka artean, maiatzaren 22an.
Presoen senideei laguntzen
Elkartasun bilgunea izan da betidanik talogileena. Jasotako dirua, euskal presoen senideei laguntzera bideratu izan dute. Iazko Sagardo Egunean, taldea desegitera zihoala iragarri ostean, buru-belarri lanean zirela, ezusteko eta merezitako omenaldia jaso zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen eta hainbat herritarren partetik. Modu honetan, urteetan emandako laguntza eskertu nahi izan zioten bolondres taldeari. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko mobilizazioen amaieran izan zen. Aurtengorako euskal preso eta senideen eskubideak errespetatzea exijitzeko kalejira eta txotx berezia iragarri dituzte iganderako 13:00ean,. Txosnagunetik abiatuko da mobilizazioa.
TXOSNAGUNEA
Maiatzak 22, igandea
11:00 Txosnagunearen irekiera.
13:00 Presoen aldeko kalejira eta txotxa.
Eguerdira arte, talogileak.
15:30 Trikitilariak.
18:00 Dj Bull.
23:00 Zaparra herriko taldearen kontzertua.
Tokia: Mikel Laboa plaza.
Antolatzailea: Ernai Usurbil.