Erraustegia eta proiektu txikitzaileen aurkako Txirrinka, Usurbil eta Zubietara dator larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 17a, 09:30

Asteburu honetan, maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa antolatu dute AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial, kultural eta sindikalek, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak (tartean erraustegia) borrokatu!" aldarripean. Zutabe bana abiatuko da, Ipar Euskal Herria-Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik, maiatzaren 20an. Bi egun geroago, zutabe guztiak Bergaran batuko dira. Gipuzkoakoa Ipar Euskal Herrian, Hendaian abiatuko da maiatzaren 20an, ostiralez eta herrialdea iparretik hegoaldera zeharkatuko du. Biharamunean, Donostiatik Tolosarako bidean, gure artetik igaroko da. Usurbil eta Zubieta inguruak zeharkatuko ditu. Txandakako bizikleta martxa honekin bat egin dute Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak eta Zubieta Lantzenek. “Ekimenari babesa emateko zuen parte hartzea eskatzen da. Bizikleta, kaskoa eta nola ez, erraustegiari aurre egiteko indarra eramatea besterik ez da eskatzen. Animatu!”, luzatu dute gonbita. Erraustegiaren aurkako agendan duzue, maiatzaren 21erako egin dituzten deialdien berri.

Maiatzak 20, ostirala: Hendaia - Irun - Donostia (lo egin).

Maiatzak 21, larunbata: Donostia - Tolosa - Beasain - Urretxu (lo egin).

Maiatzak 22, igandea: Urretxu - Angiozar (Bergara).

Txirrinka ekimenaren aurkezpena

"AHT Gelditu! Elkarlana koordinakundeak eta hainbat talde sozial eta sindikalek 2016ko maiatzaren 21 eta 22an Txirrinka izeneko ekimena burutuko dute. “Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!” lelopean, txandakako bizikleta martxa honetako lau zutabek Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia zein Arabako lurrak zeharkatu ondoren AHTko Bergarako korapiloan elkartu eta helmugaratuko dira. Ekimen honen bitartez, lurraren alde eta AHT zein proiektu suntsitzaileen aurkako aldarria zabaltzeaz gain, egungo eredu soziala eraldatzeko deia ere egingo da.

Azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da: garraio politika itxuragabea (AHT, autopista eta autobien sarea, itsas eta aeroportuak..), energia ezarketa ikaragarria (Garoña, zentral termikoak, fracking egitasmoak, goi tentsioko lineak..), ur eta beste baliabideen metaketa eta erauzketa neurrizgainekoa (urtegiak, ubideak, mehategiak, harrobiak...), zaborren tratamendu kutsakorrak (errauskailu eta zabortegiak non nahi), eta oro har metropolizaziorako joera jasanezina. Azpiegitura hauek guztiak elkarren osagarri dira eta kapitalismoaren ezinbesteko oinarri. Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. AHT horren adibide biribila dugu. Hitz batez, lurra hipotekatzen ari gara; horrela segituz gero hipoteka hau ezin izango dugu inolaz ere ordaindu eta orduan konturatuko gara ez dugula ordezko etxerik, ordezko planetarik: Parisen klima aldaketaren inguruan egin berri duten bezalako ekitaldiak zirko hutsa dira. Ekimen hau sustatzen dugunok, argi dugu natura zaintzea eta jendarte eredua eraldatzea gure ardura dela, geure zein hurrengo belaunaldiekin arduraturik gaudela eta ezin dugula lasai egon inguruan gertatzen ari denari begira.

Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar dugu, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz. Azpiegitura hauek bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Ezin dugu onartu milioika milioi € azpiegituretan gastatzen diren bitartean, langileak esklabutzatik gertuko egoeretara kondenatzea, jendea beren etxeetatik erauzi ondoren kale gorrian bizitzera zigortzea, etorkinak gaizkile gisa tratatzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea. Oro har, ezin dugu onartu kontsumismoa harro-harro bultzatzen den aldi berean prekarietatea eta bazterketa inoiz baino gehiago zabaltzea. Hori dela eta kalera irtetearen beharra dugu. Txirrinka ekimenak aukera ezin hobea eskeintzen digu lurraren alde eta azpiegituren aurka mugitzen ari direnen arteko sarea indartzeko eta jendarte eredu berri baten alde ari garenok bat egiteko. Zure taldearekin txanda bat osatu, bizikleta hartu eta borrokaren lekukoa eskuz esku pasatu. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu eta AHT zein azpiegitura txikitzaileak borrokatu!"

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

19:00etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Maiatzak 21, larunbata

AHT eta proiektu txikitzaileen aurkako Txirrinka

11:00 Anbulategiko aparkalekura gerturatu Txirrinkan parte hartu nahi duzuen guztiak. Deialdi irekia!

11:50 Urbileko gasolindegi ondoko bidegorria hasten/amaitzen den lekuan, usurbildarrok ongietorria emango diogu Txirrinkari.

12:00 Txirrinkari ongietorria emateko Zubietako plazara bizikletekin gerturatzeko deia egiten diegu zubietarrei. Bertan, erraustegiaren auzia salatzeko flashmoba dantzatuko dugu!

Ondoren geldialdia, hitz batzuk eta hamaiketakoa egiteko aukera.

12:30 Lasartearrak Txirrinkara batuko dira Zubietan, eta Lasarte-Orian EuskoTreneko errotondan erreleboa pasako diegu.

Ondoren, Hernanira abiatuko dira.

Oharra: kaskoa eramatea beharrezkoa da.

Informazio gehiago: ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzaileak: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea eta Zubieta Lantzen Erraustegiaren Aurkako Taldea.

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak.

12:30tik aurrera, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

16:00 GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Zabalkunde zientifiko eta elkarrizketa sozialerako jardunaldia. Erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondorioak. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.