Lurraldebus zerbitzua, Donostiako geltoki berriraino

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 17a, 07:51

Aldaketak berriz, Usurbil Donostiarekin lotzen duen UK09 Lurraldebus zerbitzuan. Larunbataz geroztik, hiriburuko autobus geltoki berriraino heltzen da zerbitzua. Ibilbideko azken geltokia beraz, Federico Garcia Lorca kalea 2 zenbakian kokatua dago orain, geltoki berriaren kanpoaldean. Orain arte, Askatasunaren hiribidean amaitzen zuen ibilbidea Lurraldebuseko UK09 zerbitzuak, eta toki berean abiatzen zuen Usurbila itzultzeko bidea. Aurrerantzean ordea, "Askatasunaren hiribidea 34ko geltokia autobusera igotzekoa bakarrik izango da, Zumaiarako noranzkoan". Adi, bus geltoki hau ere orain, Kontxako hondartza paretik gertuago baitago.

Geltoki berria ibilbidean txertatzeak, Zumaia Donostiarekin N-634 errepidetik edo A8 autopistatik barrena lotzen duten UK09, UK10 eta UK11 zerbitzuetako ordutegiei eragin die. Orain arteko ordutegian igaroko da autobús aurrerrantzean, Usurbildik Donostiarantz. Ibilbidea luzatuko denez ordea, bost minutu luzatuko da baita, ibilbide hau egiteko autobusek beharko duten denbora. Itzultzeko aldiz, orain arte Askatasuna Hiribidetik autobusek Usurbil aldera etortzeko zuten abiatzeko ordu bera izango dute, Urumea ondoko bus geltoki berritik. Ondorioz, gainerako geltokietara autobusa bost minutu beranduago heltzen da. Hemen duzue, maiatzaren 14az geroztik indarrean den Lurraldebuseko ordutegi berria:

Lurraldebusen ordutegi berria, maiatzaren 14tik aurrera

Informazio gehiagorako:

943 415 208 (astelehenetik ostegunera, 08:30-13:30/15:00-17:15// ostiraletan, 08:00-15:00 artean).

gfa_garraio_idazk@gipuzkoa.eus

lurraldebus.eus

Murrizketak azken aldian

Lurraldebus zerbitzuko ibilbidea Donostiako bus geltoki berrira luzatzea, azken hilabeteotan egin duten aldaketetan azkena izan da. Otsailean Amarako autobus geltokia lekuz aldatu zutenean, Usurbil Donostiarekin lotzen zuen autobus zerbitzuko geltokia ere ezabatu zuten. Astigarraga ospitaleekin lotzen duten zerbitzua ere kendu egin zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak T2 eta T6 autobus zerbitzuak, hau da, hurrenez hurren Usurbil ospitaleekin eta Hernanirekin lotzen dituen zerbitzuak ere murriztu asmo ditu. Murrizketon aurka agertu zen udalbatza osoa, apirilaren 26ko osoko ohiko bilkuran. Udal talde guztiek bat egin zuten, EHBilduk gai honi buruz aurkezturiko mozioarekin. Bi puntuko testuan, "onura soziala eta herritarren beharrak etekin ekonomikoaren gainetik jartzea" eskatzen dio Udalak Aldundiari, "eta ez dezala murrizketarik egin Lurraldebuseko T2 eta T6 zerbitzuetan". Honez gain, "zerbitzuen razionalizazioa egin behar izanez gero, herritarren parte-hartzearekin egitea" galdegiten diote.

Ospitaleetatik Aginagaraino autobus zerbitzu bat izatea hainbeste kostatu ondoren, "orain murrizketak izatea, ez dugu egoki ikusten" zioen Jone Urdanpilleta zinegotziak osoko bilkura berean. Udala, Lurraldebus enpresa eta sindikatuek gai honekiko kezka agertu dutela. "Gaia aztertzen ari dira", berri eman zuen Urdanpilletak. Antza, Aldundia Lurraldebusekin hartuemanetan da.