Jaietako txupinazo jaurtitzaileak proposatu eta egitaraurako diseinuak aurkezteko epea, ostiralera arte

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 17a, 08:34

Azken asteotan Jai Batzordeak martxan jarritako bi parte hartze prozesu azken txanpan dira; ekainaren 30etik uztailaren 3ra ospatuko diren herriko festetarako txupinazoa nork jaurtiko duen erabaki eta egitarauko diseinua hautatzeko lehiaketak hain zuzen. Ostiral honetan, maiatzaren 20an itxiko dute ekimenotan parte hartzeko epea. Gogoan izan bestalde, maiatzaren 25ean, 18:00etarako finkatu du Jai Batzordeak datozen herriko festak prestatzeko bilera irekia, eragile nahiz norbanakoentzat.

Txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak

Ekainaren 30ean Usurbilgo festak abiatzeko txupinazoa nork botako duen herritarrek erabakiko dute aurten ere. Maiatzaren 20ra arteko epea duzue, zuen ekarpenak kultura@usurbil.eus helbidera helarazteko. Bestela, proposamena papertxo batean idatzi eta Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian eta Potxoenean dauden kaxetan utzi dezakezue.

Egitarau lehiaketa

Txupinazoa bakarrik ez, datozen festetako egitarauak zuetako batek landutako diseinua izango du. Programako diseinu lana hautatzeko lehiaketa antolatu du Jai Batzordeak, aurreko urteetan bezala. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da baita, maiatzaren 20ra arte.

Lehiaketako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza jaiak hasi aurreko egunetan herritar guztien eskutara helduko da. Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua eta oinarriak bertan jaso behar dira. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:

-Lanaren neurria librea izango da.

-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da. “Lehiaketa irabazten duenak gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du lehiaketa irabazi ondoren”.

-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.

Lehiaketari begirako araudi orokorra:

-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.

-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.

-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.

-Nahi adina lan aurkez daitezke.

-Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.

-Lanak maiatzaren 20a baino lehen helarazi behar dira Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo postaz bidali helbide honetara:

Usurbilgo Udala

Kultura Saila

Jose Martin Sagardia Plaza z.g.

20170 Usurbil

Argibide gehiagorako: 943 371 999 edo kultura@usurbil.eus

40. Bertsopaper Lehiaketa

16 urtetik gorako usurbildarrek parte har dezakete Bota Punttubak antolaturiko txapelketan. Lanek inoiz argitaratu gabeak izan behar dute. 8-10 bertso artean aurkeztu ahalko dira. “Lanak egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe aurkeztuko dira, izengoitiz. Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Lan originalarekin batera, 3 kopia bidali behar dira, ekainaren 8a baino lehen, helbide honetara: Usurbilgo Udala (40. Bertsopaper Lehiaketa), Joxe Martin Sagardia plaza, Usurbil 20.170.

Sariketa ekainean, izango da. Iaz bezala, herriko jaien aurretik, Sutegin ospatuko den bertso saio musikatuan emango da ezagutzera epaimahaiak hartutako erabakia. 200 euro eta oroigarria, 150 euro eta 100 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, txapelketako lehen hiru sailkatuek. Baina gerta liteke saririk ez izatea ere. “Epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek behar duten kalitaterik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke”, berri eman dute. Iaz, Imanol Zarautz herritarrak irabazi zuen txapelketa.