Zilarrezko Ohorezko Mailara igo ziren igandean Usurbil K.E.-ko senior neskak, Castro Urdialesen jokatu zuten fasearen amaieran. Taldearen maila igoera astearte honetan berretsi du Espainiako Eskubaloi Federazioak. Ez bakarrik usurbildarrena, baita asteburuan ospatu diren sektoreetan mailaz igotzea lortu duten gainerako 7 taldeena ere. Haietatik seik sailkapen buruan amaitu dituzte asteburuan jokatu dituzten sektoreak. Taldeok: San Sebastian de los Reyes, Castro Urdiales, H. Sant Vicenç, A.M. Cargo Canyamelar C.H. Benetusser, CD. Agustinos eta C.B. Morro Jable V.C. Eta haiekin, bigarren bi talde onenak ere mailaz igo direla berretsi du aipatu federazioak; HV Aceitunas Olibher eta Usurbil K.E. Zorionak neskak!
Denboraldi bikaina osatu dute. Euskadiko txapeldun ditugu, eta hirugarren urtez jarraian sailkatu dira igoera fasea jokatzeko. Eta oraingoan igotzea lortu ere bai. Ez dute meritu makala. Senior nesken taldetik eskerrak helarazi nahi dizkiete zaletuei, “Castro Urdialeseraino joateagatik. Urte osoko lanaren emaitzarekin oso gustara gaude, eta hurrengo urtean Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzeko irrikitan?”. Azken denboraldiotan behin eta berriz aipatu izan duten moduan, jokalari kopuru aldetik justu samar dabiltza taldean. Eskubaloian jokatzera animatzen diete neskei.
Senior nesken Espainiako Txapelketa
Sektorea: "B".
Noiz: maiatzak 13,14,15.
Non: Castro Urdiales (Kantabria).
Aurkariak: Castro-Urdiales (Kantabria), Baztango BKT (Nafarroa), A.D. La Jota (Aragoi).
Maiatzak 13, ostirala
Castro-Urdiales 13-22 A.D. La Jota
Usurbil K.E. 30-22 Baztango BKT
Maiatzak 14, larunbata
Castro-Urdiales 19-13 Baztango BKT
Usurbil K.E. 36-18 A.D. La Jota
Maiatzak 15, igandea
Castro-Urdiales 20-16 Usurbil K.E.
A.D. La Jota 16-18 Baztango BKT
Sailkapena
1-Castro Urdiales: 6.
2-Usurbil K.E.: 4.
3-Baztango BKT: 2.
4- A.D. La Jota: 0.
Usurbil K.E.-ko senior nesken Euskadiko Txapelketako garaipena irudiotan: Usurbil K.E.-ko senior neskak, Euskadiko txapeldun