Yoga tailerra eta elikadura nahasteen hitzaldia, asteazken honetan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 18a, 08:14

Etumeta AEK euskaltegiak, DYAk, Oiardo Kiroldegiak, KzGuneak, Alkartasuna Kooperatibak... denetariko saioak antolatu dituzte asteotarako. Asteazken honetan, yoga tailerra izango dugu eta elikadura nahasteen inguruko hitzaldia. Segidan dituzue saio hauen guztien inguruko zehaztasunak:

Yoga tailerra

Saio bikoitza antolatu du Etumeta AEK euskaltegiak, maiatzaren 18rako. Lehenengoa goiz parterako, 10:00-12:00 artean, eta bigarrena, arratsalde parterako, 17:00-19:00 artean. Javier Espinak bideratuko duen tailerra, "ikasleentzako prestatuta badago ere, herriko beste edonork parte har dezake". Izena aurrez eman behar da, 607 609 379 telefono zenbakira deituta. Prezioa: 2 euro. Parte hartu asmo duzuenontzako oharra; “arropa erosoa eta esterila eraman behar dira saiora”.

Hitzaldia: "Elikadura nahasteak: anorexia eta bulimia"

"Elikadura jokaeren nahasteak. Anorexia eta bulimia. Gizarte gaixotasunak" hitzaldia antolatu du asteazken honetarako, maiatzaren 18rako, Hitz-Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak, arratsaldeko 18:00etan Udarregi Ikastolako eraikin gorrian. Acabe Elkarteak bideraturiko saioa gurasoei zuzendua egongo da. "Senda daitezkeen gaixotasunak dira. Bere onera itzultzeko bidea luzea da, beraz, beharrezkoa da espezializatutako profesionalen eta ingurumen sozial eta familiarraren laguntza, eta bere onera itzultzeko prozesua errazagoa izateko ezinbestekoa da senitartekoei laguntza eta aholkuak ematea".

Erlezaintza ikastaroa

"Nukleoak egiten ikasi eta biderkatu zure erleak" erlezaintzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa antolatu du Alkartasuna Kooperatibak. Bi saio izango dira, maiatzaren 21ean eta 28an, 11:00-13:30 artean, Alkartasuna Kooperatiban. Julian Urkiola, hainbat urtez Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaria izandakoa eta erlezaintzan adituak bideratuko ditu. Ikastaroaren prezioa: 6 euro, Alkartasuna Kooperatibako bazkideek doan. Ikastarorako izena aurrez eman behar da, bideotatik:

Alkartasuna Kooperatiba; Atallu industrialdea, 26

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

"Sagastien udako kimaketa, gaitzak eta izurriteak"

Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloko hurrengo saioa, ekainaren 4an, 09:00-13:00 artean Potxoenean, Aitor Etxeandiak bideratuta. Hurrengo saioak:

-Uztailak 9: "Zuhaitzen udako edo begiko txertaketa".

-Irailak 10: "Sagarraren heldutasun analisiak eta etxean sagardoa egiteko hastapenak".

Informazio gehiagorako eta izen emateko: 

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

alkartasuna.eus

Antolatzailea: Alkartasuna Kooperatiba.

Bokashi tailerra

Maiatzaren 28an, goizeko 11:00etan hasita Usurbilgo Gaztetxean. Doako saioa izango da. "Bertan errautsa, ximorra, harri hautsa, hezur hautsa, lurra, orbela... dituen ongarri fermentatu bat egiten ikasiko dugu, gari edo arroz zaiarekin nahastuz fermentatzen den produktua da. Lorezaintzan, gure baratzan eta lurretan erabili ahal izango dugu”, berri eman dute antolatzaileek. Ohartarazi dutenez, “baten batek ongarri hau etxera eraman nahi izanez gero jarri harremanetan gurekin”. Honatx deitu beharreko telefono zenbakia: 608 566 683. Ekimen gehiago ere iragarri dituzte Gaztetxetik. “Gaztetxeak desalojo arriskuen aurrean gauzak egiten jarraituko du, beharrezkoa baita espazio irekiak egotea, autogestioan oinarritzen direnak. Ez dadila haria eten!", adierazi dute ohar bidez.

Negozioa hobetzeko aukera, doako tailerrean

Euskal Ganberek eta Eusko Jaurlaritzak merkatariei zuzendutako 45 tailer antolatu dituzte maiatza eta ekaina parterako, Euskal Merkataritzaren 18. Topaketaren baitan. Sektorea profesionalizatzea helburu izango duten tailerretako bat Usurbilen egingo da, maitzaren 31n, 14:30-16:30 artean, Potxoenean; “Berrestreinatu zure denda! Irabazi gehiago, negozioaz gozatuz” izenekoa. Gipuzkoako Bazkundeak bideratuko duen tailerrean, “oso modu ikusgarri eta praktikoan, saltokietan hobetzeko alderdiak irakatsiko ditugu; erakusleihoa, espazioaren antolaketa, produktuaren aurkezpena, irudia, mostradorea, finantza kudeaketa... berehala aplika daitezkeenak”. Doako saio honetan izen emateko eta informazio gehiagorako: camaragipuzkoa.com


KzGuneko ikastaroak

Hona hemen iragarri dituzten hurrengo ikastaroak:

-Maiatzak 24, 16:00-18:00 "Youtube: Bideoak ikustea baino gehiago".

-Ekainak 1-14, 09:00-11:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".

-Ekainak 15-28, 09:00-11:00 "Ofimatika tresnak-LibreOffice".

-Ekainak 29, 09:00-11:00 "Twitter. Momentuan momentuko informazioa".

Informazio gehiago: 943 023 684 / tutor.usurbil@kzgunea.net edo kzgunea.eus

Sorospen ikastaroak

Bi ikastaro antolatu ditu DYAk. Lehen sorospenen ingurukoa maiatzaren 27an, 16:00-18:00 artean, Munalurra 26ko egoitzan. "Doako hitzaldi hau edonori dago zuzenduta, eta egunerokotasunean aurki daitezkeen larrialdi egoerei aurre nola egin ikasiko da. Jarduera oso parte-hartzailea izango da. Bertan azaldutako eduki teorikoez gain, bertaratutakoen testigantzek eta parte-hartzaile guztien kontsulta eta iritziekin, mahai-inguru bat egingo da". Doan eman dezakezue izena, 943 46 46 22 telefono zenbakian, edo irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbidean.

Bideotatik matrikulatu zaitezkete baita, ekainaren 4tik 26ra antolatu duten ur sorospenen inguruko ikastarorako ere. “Uretan aurki ditzakegun arrisku egoerei nola erantzun ikasiko da. Ikastaro amaierako frogak gainditzen dituenak, DYA Gipuzkoak eskaintzen duen Uretako Sorosle Titulua eskuratzeko aukera izango du”. Saioak goiz eta arratsaldez izango dira; 09:00-13:00 artean eta 15:00-19:00 artean. Talde mugatua izango da. Prezioa: 220 euro. Ikastaroan parte hartzeko lehen sorospen titulua indarrean izan behar da.

"Nordic Walking" edo Ipar Martxa

Bigarrenez Oiardo Kiroldegiak antolatu du saioa, maiatzaren 27rako 17:00-20:00 artean. "Ibiltzeko eta kirola egiteko beste era bat. Bi makilen laguntzaz egiten da, "alfa" izeneko teknika erabiliz, erritmoa du eta gorputzeko hainbat atal lantzen dira", berri eman dute antolatzaileek. Ikastarorako izena, Oiardo Kiroldegian eman beharko da. Prezioa: 15 euro bazkideek, 30 euro bazkide ez direnek. Makilak 5 eurotan alokatuko dira. Argibide gehiagorako: 943 372 498.

Udako kirol eskaintza

Uztailerako ikastaro berriak programatu ditu Oiardo Kiroldegiak. Igerilekuan, haur eta helduei zuzenduriko hastapen ikastaroak; pilates, spinning, yoga, zumba, aerobik edota jumping ikastaroak gimnasioan. "Uztailean kirolik egin nahi? Zatoz Oiardo Kiroldegira eta apunta zaitez gure uztaileko eskaintza berezian! Zure zain gaude!", luzatu dute gonbita Oiardo Kiroldegitik.